Open EndurAstur Spiuk 2025 txapelketako laugarren proba izan zen joan zen igandean Pola de Sieron (Espainia), Espainiako enduro egutegiko lasterketarik garrantzitsuenetarikoa bilakatu dena.
Hainbat lagunek parte hartu zuten lehian, eta Arauntza Riders taldeko Endika Arizmendiarreta nabarmendu zen, iaz Espainiako Enduro Kopako txapeldun izan zena. Master 40 mailan hirugarren postuarekin eta sailkapen orokorreko zortzigarren postuarekin, Arauntza Riders taldeari denboraldiko lehen podiuma eman zion hark. Hain zuzen ere, taldearen hitzetan, emaitza hori mugarri bat izan da 2025. urteko denboraldian.
Eguraldia lagun izan zen, eta giro bikaina izan zen txapelketaren osagai nagusia. Flow eta exijentziaz betetako ibilbidea osatu zuten txirrindulariek, Cimarrones BTT taldeak antolatutako proban. Lasterketak honako ezaugarri tekniko hauek izan zituen: 34 kilometroko ibilbidea, 1.200 metroko desnibel positiboa, kategoria gehienen kasuan erlojupeko bost zati (TC) eta seigarren bat e-bikek.
Arizmendiarretaren lorpenak balioa handia dauka; izan ere, ibilbide osoa a vista egin baitzuen, hau da, aurretik ibilbidea ezagutu gabe eta han entrenamendurik egin gabe. Arauntzako kideak duen gaitasun teknikoak eta egokitzeko abileziak, baina, podiumera eta eliteko zortzi kirolari onenen artean egotera eraman zuten. Lortutako emaitzak Arizmendiarretaren maila berresten du, baita Espainiako enduro eszenan erreferente izatea ere. Zorion hitzak izan dituzte Arauntza Ridersekoek harentzat: "Pola de Sieroko lasterketako emaitzak azken urteetan egin duzun lan ona agerian utzi du. Argi dago oraindik erreferente izaten jarraitzen duzula Espainiako enduroan".
Emaitza bikain hori tarteko, kirolaria indartsu iritsiko da Open EndurAstur txapelketko azken bi proba garrantzitsuetara: Monte Naranco (irailaren 14an) eta La Felguera (urriaren 26an). Ziur asko emaitza onak lortzeko lehian arituko da horietan ere.