Joan zen asteburuan egin zuten lehen aldiz downhill lasterketa bat Ermuan, eta han izan zen Arauntza Riders taldea, zazpi ordezkarirekin. Lasterketa Pedal Metal taldeak antolatu zuen, eta guztira, 40 lagun inguruk parte hartu zuten jaitsiera teknikoan eta bizkorrean.
Lehiakideek bakarka egin zuten ibilbidea, erlojuaren kontra, eta taldeko hiru txirrindularik emaitza nabarmenak lortu zituzten: Endika Arizmendiarreta, Haritz Zubimendi eta Andoni Iriarte.
Arizmendiarreta markinarra master 40 mailan aritu zen, eta garaipena eskuratu zuen bere mailan (2:48.156); aldiz, hamargarren sailkatu zen sailkapen orokorrean. Zubimendi azpeitiarra, berriz, 23 urtez azpikoen mailan aritu zen (02:58.576), eta bere mailan nagusi izan zen (17. postuan sailkatu zen sailkapen orokorrean). Iriarte azpeitiarra ere maila horretan aritu zen, eta bigarren sailkatu zen.
Mendiko bizikletarekin egiten diren downhill diziplinako jaitsierak azkarrak eta teknikoak izaten dira, eta parte-hartzaile bakoitza banan-banan aritzen da. Teknika, abiadura eta ausardia dira gakoak, eta Arautzako taldekideak bikain moldatu ziren joan zen asteburuan.
Giro aparta izan zen Ermuan: jende ugari, eguraldi ona eta antolaketa txukuna. Lehen edizioa izan bada ere, Pedal Metalek egindako lanak harrera ona izan du txirrindularien artean, eta badirudi DH Ermua hitzordu finko bihurtu litekeela hurrengo urteetan.
Arauntza Riders taldearentzat oso positiboa izan da balantzea: podiumak, garaipenak eta esperientzia eder bat talde osoarentzat.