Bigarren urtez Enduro Martxa antolatu du Arauntza Riders klubak, eta dagoeneko hasita daude prestaketekin. Urriaren 11n egingo duten hitzordurako izen-ematea irekita dago, eta jendea probara animatzeko asmoz, bideo bat egin dute Jon Etxaniz drone gidariaren laguntzaz. Bertan, Enduro Martxan egingo duten ibilbidearen zati bat ikus daiteke. Guztira, 30 kilometroko ibilbidea osatuko dute parte hartzaileek, eta 1.100 metroko desnibela izango du martxak.
Oraindik eman daiteke izena Enduro Martxan, honako lotura honetan, eta partaide bakoitzak 30 euro ordaindu beharko du.
Urriaren 11n, parte hartzaileak 08:30ean elkartuko dira Izarraitz skate parkearen inguruan, eta ordu erdira, 09:00etan, ekingo diote martxari. Ondoren, eguerdian, bazkaria egingo dute skate parkearen ondoko zelaian. YK Ridersen eta Arauntza Ridersen bi eguneko festaren barruan antolatu dute Enduro Martxa.