Arauntza Riders taldeko bi rider Espainiako DH Kopako lehen proban

Erabiltzailearen aurpegia Arauntza Riders 2026ko martxoaren 10a

Asteburuan jokatu da XXXII. Maxxis saria jaitsierako proba Sant Andreu de la Barca herrian, Katalunian, Espainiako DH Kopako lehen jardunaldia. Estatuko downhill rider onenak elkartu dira bertan denboraldiari hasiera emateko.

Antolatzaileek 1.200 metro inguruko luzera eta 170 metroko desnibel negatiboa zuen zirkuitu teknikoa prestatu zuten. Asteburuan, ordea, euriteak protagonista izan ziren, eta Kataluniako lur buztintsua oso irristakor geratu zen. Baldintza horiek zaildu egin zuten jaitsiera, eta rider askok arazoak izan zituzten ibilbideak kontrolatzeko.

Lehen hitzordu horretan Arauntza Riders taldeko bi kidek parte hartu zuten 18 urte azpiko edo junior kategorian: Danel Mugerza (Oñati, Gipuzkoa) eta Paul Elizondo (Gasteiz). Mugerza, gainera, Euskadiko selekzioarekin aritu zen lehiatzen asteburuan.

Lur bustiak eta baldintza zailak medio, lasterketan bi riderrek erorketa bana izan zuten jaitsierako azken zatian. Hala ere, aipatu behar da qualy edo sailkapen jatsieran Mugerzak emaitza bikaina lortu zuela, junior kategorian lehen hamarretan sartuta (Top 10).

Denboraldi hasiera zaila izan arren, Arauntza Riders taldeko gazteek maila ona erakutsi dute eta esperientzia baliotsua pilatu dute. Hurrengo hitzordua apirilaren 12an izango dute, DH Molinos O Paramo proban.

Arauntza Riders taldeak eskerrak eman nahi dizkie babesle guztiei, haien laguntzarik gabe denboraldia aurrera eramatea ezinezkoa izango litzatekeelako.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide