Asteburu oparoa Arauntza Ridersentzat

Erabiltzailearen aurpegia Arauntza Riders 2026ko maiatzaren 21a

Arauntza Riders taldeko Asier Leon eta Jon Ander Etxeberria asteburuan jokatutako bi lehiaketetan.

Arauntza Riders taldeak denboraldiko lehen hitzordu garrantzitsuak izan ditu asteburuan, eta emaitza onak lortu ditu enduroan zein DH-n.

Arauntza Riders taldekoek bi lehiaketa garrantzitsu jokatu zituzten joan den asteburuan, eta lortutako emaitzarekin pozik daude.

Alde batetik, taldeko hainbat kide Frantzian jokatutako Baregeseko enduro proban izan ziren. Eguraldi eta lurraren egoera zailak baldintzatutako lasterketa izan zen; izan ere, elur pilaketek eta bide natural teknikoek zailtasun handia erantsi zioten probari. Baldintza horietan eta oso leiha estua jokatu ostean, emaitza bikaina lortu zuen Jon Ander Etxeberriak (Tolosa, Gipuzkoa), E-bike mailan hirugarren sailkatuta, oso lehia estuan jokatutako lasterketaren ostean.

Bestetik, Trapagaranen (Bizkaia) La Reineta DH proba jokatu zen asteburuan, Beti Behera taldeak antolatuta; Bizkaiko Txapelketarako puntuagarria izan zen. Arauntza Riderseko sei kirolarik parte hartu zuten proba horretan. Goiz erdian botatako euri zaparradek zaildu egin zuten jardunaldia,  jaitsiera oso irristakorra bihurtu zen, eta horrek zailtasun gehigarria jarri zien rider guztiei.

La Reinetako DH proban emaitza aipagarria lortu zuen Asier Leon azpeitiarrak, 23 urtez azpikoen mailan hirugarren postua eskuratuta. Leon zoriontzeaz gainera, Arauntza Ridersek zorionak helarazi dizkio 23 urtez azpiko mailan garailea izan zen Pello Lazkozi.

Denboraldia hasi berritan Arauntza Riders taldeak emaitza onak lortu ditu mendiko bizikletako hainbat diziplinatan, eta hurrengo hitzorduetarako "ilusioz eta motibatuta" dago taldea. Taldeak eskerrak eman dizkie urte osoan zehar babesa ematen dien babesle guztiei: "Babesleen laguntzarik gabe ezinezkoa izango litzateke eguneroko lana egitea eta lehiaketetan parte hartzea".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide