Joan den asteburuan Hirumuga Enduro Race proba jokatu zen Lekunberrin (Nafarroa),eta Arauntza Riders taldekoek emaitza oso onak lortu dituzte, hainbat kategoriatan irabazita. Sustrails zirkuituko denboraldiko azken proba izan zen Hirumuga, eta larunbateko euri jasek oso teknikoa bihurtu zuten ibilbidea, eta igandean lasterketak baldintza oso gogorrei aurre eginez jokatu zituzten.
Arauntza Ridersekoak nagusitasun osoz aritu ziren hainbat mailatan: emakumeetan, E-bike kategorian, Naroa Aranbarri azpeitiarra izan zen onena; Elite mailan, Gorka Iriarte azpeitiarrak lortu zuen lehen postua, eta Eneko Agirre legazpiarrak (Gipuzkoa) hirugarren amaitu zuen. Master 40 mailan, Endika Arizmendiarreta markiñarrak (Bizkaia) irabazi zuen, eta gizonetan, E-bike mailan, Paul Elizondo gasteiztarra ere txapelduna izan zen. 18 urtez azpikoen kategorian, Danel Mugarza oñatiarra (Gipuzkoa) nagusitu zen, eta Mattin Gantxegi Mujika ordiziarrak (Gipuzkoa) hirugarren postua lortu zuen.
Denboraldia amaierara iristen ari den arren, Arauntza Riders taldea "indartsu" dago oraindik. Hainbat riderrek lesioak izan dituzten arren, emaitzak onak izaten jarraitzen dute. Datorren asteburuan, Galdakaoko DH proba jokatuko dute taldekideek, eta emaitza oparoak espero ditu taldeak.