Datorren asteburuan, abenduaren 16an eta 17an, izango da Azoka Herritik Sanjuandegin, eta urtero bezala eskaintza zabala egongo da aurtengo edizioan ere. Ostiralean hasi eta zapatu gauera arte eskaintza kultural zabala izango da adin eta gustu guztietarako. Artisauak, baserritarrak, bigarren eskuko denda, herriko kooperazio taldeak edo Extremadurako jaki eta edariak izango dira bertan, besteak beste. 10:00etan hasi eta eguerdira bitarte luzatuko da azoka larunbatean.\
\
Baina azokari hasiera ostiralean emango diogu, haur eta gaztetxoentzako ekitaldiekin. Alde batetik, Plazatarrak ekimena izango dugu, sukaldaritza tailerrarekin; eta, bestetik, Maider ipuin kontalaria, Txiki Txoko ludotekan. Ondoren, trikiti eta alboka kalejirarekin batera auzoko tabernetan pintxo-poteoa egongo da. Eta, ostiralekoak amaitzeko, Ane Juradoren eta Xabi Arrietaren kontzertua, barruak goxatzeko.\
\
Zapatuan, aldiz, Azpeitiko Argazki Elkartekoen argazki estudioa eta material berrerabilgarrien tailerrak izango ditugu. Egunari amaiera emateko, berriz, Metal Boskotearen kontzertua.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide