"Meliton Rodriguezen hitzak errepikatuz: Aurreko urteetan bezala, Domusa Teknik Azpeitia Cup txapelketan parte hartzen duten guztiek eta haiekin batera Azpeitira etortzen diren guztiek kirolaz eta gure herriaz jai giroan gozatzea da gure helburua", azaldu dute Domusa Teknik Azpeitia Cup txapelketaren antolatzaileek. Dena den, aurtengoa "berezia" izango dela azpimarratu dute, azkenengo urtea izango delako futbol txapelketa antolatzen dutena. "Meliton Rodriguez hasieratik izan dugu txapelketari lotua, eta azken urteetan harekin batera beste bost boluntariok osaturiko talde lanean jardun dugu txapelketa aurrera ematen".
Urteak aurrera joan bezala, "txapelketa indarra hartzen" joan dela azpimarratu dute: "Mutilen kimuen mailan estatu osoan dagoen txapelketa handienetako bat bihurtu da, baina neurri honetako txapelketa bat antolatzeak dakarren lanak eta errelebu faltak, oraingoa azken txapelketa izateko erabakia hartzera eraman du antolakuntza".
Adiskidetasunaren txapelketa lelo duen futbol txapelketa urtez urte "handitzen" joan da. "Inguruko futbol taldeen txapelketa bat izatetik, parte hartzaileen artean estatu osoko harrobi garrantzitsuenetako taldeak izatera iritsi da; urte batean edo bestetan, gainera, Espainia Estatutik kanpoko taldeek ere parte hartu dute. Horrez gainera, futboleko kimuen txapelketa bat zen sorreran, eta gaur egun hiru mailetako txapelketak antolatzen dira".
Azkenean, "futbol festa handi batean" bihurtu da Domusa Teknik Azpeitia Cup, antolatzaileen hitzetan: "Kirol aldetik bakarrik ez, turismo aldetik ere garrantzi handia izan du bai gure herriarentzat eta baita ingurukoentzat ere. Izan ere, futbol taldeekin batera kirolarien familiak, lagunak eta bisitariak erakartzen ditu Azpeitira. Era horretan, gure herria eta euskal kultura kanpoko jendeari ezagutarazteko aukera bikaina bihurtuz".
Futbol txapelketak aurrera eramateko antolakuntzak "herritarren laguntza" behar izan du, baita inguruko erakundeena, enpresena eta saltokiena ere. Hori dela eta, Meliton Rodriguezek txapelketa antolatzea posible egiteko laguntza eman duten guztiak eskertu ditu: "Elkarte gastronomikoak, urte guzti hauetan dena ezin hobeto atera dadin gogor lan egin duten boluntarioak, eta oro har, herriko eta inguruko denda, taberna eta jatetxeak emandako laguntza guztia eskertu nahi ditugu".
Aurreko astean aurkeztu zuten azken Domusa Teknik Azpeitia Cup futbol txapelketa, Basazabal jauregian. Torneoaren koordinatzaile Meliton Rodriguezekin batera aurkezpenean parte hartu zuten Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta ekitaldiaren babesleek eta ordezkariek.
Hiru txapelketa, hirurak ekainean
Domusa Teknik Azpeitia Txapelketan hiru futbol txapelketa jokatuko dira, eta hirurak ekainean. Lehendabizi, ekainaren 7tik 9ra artean, kimu mutilen txapelketa jokatuko dute. Txapelketan parte hartuko dute, besteak beste, Real Madrilek, Barcelonak, Atletico Madrilek, Realak, Valenciak, Osasunal, Alavesek eta Celtak.
Ekainaren 14tik 16ra, berriz, kimu nesken txapelketa jokatuko dute. Txapelketa honetarako, dagoeneko 30 futbol taldek eman dute izena, horietako asko Espainiako Emakumeen Ligako harrobiko taldeak: Madril CFF, Athletic, Reala, Eibar eta Osasuna. Horiez gainera, A Coruñako Deportivo, Valladolid eta abar. Ekaineko hirugarren asteburuan, ekainaren 21etik 23ra, infantil nesken txapelketa izango da hamazortzi futbol taldek parte hartuz.
Txapelketak jokatzen diren egunetan, Garmendipeko zelaiek 85 talde baino gehiago hartuko dituzte, 1.300 jokalari inguru, beraien teknikariekin, klubeko kideekin eta familiakoekin batera. "Futbolaren jai handi bat izango da, kirolaz haratago doan festa bat, Urola Erdia gure kultura, ohiturak eta ingurunea ezagutzeko prest dauden bisitariz beteko baita, eskualdeari balioa emanez", azaldu dute antolatzaileek.
"Horrela bada, agurraren aurretik, Domusa Teknik Azpeitia Cupen azken edizio hau dugu aurrean, eta Melitonek esan bezala, nahiz eta dagoeneko denak nekatuta egon, gogoz eta indarrez hartuko dugu azken antolakuntza hau", azaldu dute antolatzaile taldekoek.