Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak babes zabala izan du orain gutxi sortuagatik. Horren erakusle nagusia da pasa den abenduaren 27an mila pertsona inguru mobilizatu izana 43 auzipetuei babesa adierazteko eta errepresioaren aurpegi desberdinak gaitzesteko. Horretaz haratago, ordea, ezin garrantzitsuagoak izan dira laguntza sarean batutako jende kopurua eta horiek lan banaketan parte hartzeko erakutsitako prestutasuna nahiz elkartasun ekintza desberdinetan herritarrek eskainitako harrera. Bide batez, jasotako babesa eta jarraipena eskertzeko baliatu nahi dugu, eta etorkizun batean bide hori jarraitzera animatzeko deia zabaldu.
Babes guzti hori ez da nahikoa, ordea. Izan ere, 43 auzipetuek epaitegietarako bidea jarraitu beharko dute. Gu gara 28an Gaztetxeko urteurreneko auziaren inguruan deklaratzen hasi beharko dugunak. Gu gara faxismoaren aurka egiteagatik epaitegietan erantzun behar izan dugunak. Eta gu gara muntaia baten erdian jarri gaituztenak.
Hori gutxi ez, eta EAJk gaiari etekin politikoa atera nahian jarraitzen du: auzia instrumentalizatzeko azken saiakera urtarrileko udalbatzarrean ikusi genuen, gazteen aurka eginez boto triste batzuen bila. Garbi geratzen da, beste behin, herriko gazteak, poliziaren borra kolpeak jasotzen dituztenak, hutsaren hurrengoa direla alderdi horrentzat. Gertakarien inguruko irudi distortsionatu bat eraikitzen saiatu da EAJ, polizia sindikatuei men eginez eta hedabide lakaioen laguntzarekin. Polizia biktimizatzen du horien baliabideak areagotzeko eskatzea justifikatzeko.
Azken urteetako lege errepresiboak atzera bota ez, eta are gehiago zabaldu nahi dituzte, horrela, zigor neurriak areagotzeko. Eta poliziaren interbentzio eskumena ere handitu egin nahi dute, inpunitate polizialari bide emanez. Ez dago esan beharrik horrek langileentzat zer etorkizun dakarren: eskubide politikoen deuseztatzea eta diziplinamendu forma gogorragoak. Eta gainera, auziperatuekiko babesa kriminalizatzeko saiakerak entzun behar ditugu oraindik. Utzi, beraz, biktimarena egiteari, zuen kriminalizazio kanpainaren ondorioz, 23 gaztek epaitegian deklaratu beharko dute-eta datozen asteetan.
Joera horren guztiaren erakusle garbia da herrian gertatutakoa. Beraz, uste dugu ezinbestekoa dela kasuaren aurka egiteaz gain, kasua bera ahalbidetzen duten elementuak ere borrokatzea. Hori dela eta, garbi adierazi nahi dugu beharrezkoa dela, langile klaseko sektore desberdinak batuko dituen fronte bat sortzen joatea, faxismoaren aurka borrokatzeko borondatea izango duena, kasu errepresiboak gaitzetsiko dituena eta errepresioari aurre egiteko bitarteko propioak garatuko dituena. Bide horretan, estatuaren biraketa autoritarioaren eta faxismoaren aurkako dinamikak babestea ezinbestekotzat ikusten dugu, eta horretarako mobilizatzeko dei egiten dugu, besteak beste, hilaren 31n Bilbon eta Iruñean.
Bestalde, Gaztetxearen urteurreneko eta VOX-en bueltako kasuetan auzipetuta daudenen prozedura judizialak bertan behera geratzea exijitzen dugu. Gogorarazi nahi dugu hilaren 28an hasiko direla deklaratzen Gaztetxearen urteurreneko auziko 23 auzipetuak.
Jarrai dezagun babesa eta elkartasuna antolatze