Gaztetxeko urteurreneko deklarazioen atzerapena eta udaltzain baten akusazio partikularra

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitia Errepresioaren Aurka 2026ko otsailaren 28a

Ertzain bat eta udaltzain bat, uztaileko istiluen gauean. (Gedar)

Maiatzaren 20ra atzeratu dira Gaztetxeko urteurreneko gertakarien harira akusatuek egin beharreko azken deklarazioak. Bien bitartean, udaltzain batek akusatuen aurkako akusazio partikularra aurkeztu du.

Ostegunean amaitu behar zuten deklaratzen Gaztetxeko urteurreneko gertakarien harira ikertutako herriko 23 kideek. Itzultzailea falta zela eta, ordea, falta diren lau kideek maiatzaren 20an deklaratu beharko dute. Horrez gain, jakin dugu udaltzain batek akusazio partikularra aurkeztu duela akusatuen aurka. Orain arte udaltzainek eduki duten jarrera biktimista gutxi ez, eta Voxek bere garaian egin zuen antzera, herriko gazteak zuzenean justiziaren jomugan jarri ditu horrela.

Horrek erakusten du, EH Bilduk bere garaian saldu nahi izan zuenaren kontrara, udaltzainek ere beraien ardura dutela prozesu judizial horretan, eta ez soilik ertzainek; birritan adierazi dugun bezala, beraiek izan ziren uztailaren 20an ertzainei deitu zietenak eta beraiek egon ziren ertzainekin batera gazteak jipoitzen.

Berriz adierazi nahi dugu polizia bera izan zela, pila edukiontzi batean egindako pintaketa bat aitzakiatzat hartuta, Gaztetxeko urteurreneko festa giroa zapuztu zuena.

Berriro ere babesa adierazi nahi diegu alderdi politikoek eta sindikatu polizialek gauzatutako kriminalizazio kanpainaren ondorioak jasaten ari diren gazteei, eta eskerrak eman nahi dizkizuegu egoera bidegabe honen aurka zuen alea jartzen ari zareten guztioi. Bihartik aurrera ere, Azpeitia Errepresioaren Aurkatik lanean jarraituko dugu errepresioaren aurrean bitartekoak garatzen eta klase elkartasuna antolatzen.

Errepresioari klase elkartasuna!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide