Ertzaintzaren "inpunitatea" salatzeko manifestaziora deitu du Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitia Errepresioaren Aurka 2026ko ekainaren 8a

Ekainaren 20ko BIlboko manifestazioa deitzeko agerraldia, larunbatean Bilbon. (Azpeitia Errepresioaren Aurka plataforma)

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat plataforma eta eragile politikok Ertzaintzaren "inpunitatea" salatzeko manifestaziora deitu dute, ekainaren 20an, Bilbon. Mobilizazio horrekin bat egin du Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak ere. Gizarte mugimenduen kontrako "kriminalizazio kanpaina" hasi izana leporatu diote Eusko Jaurlaritzari.

Jaurlaritzaren kriminalizazioaren aurrean, eskubide zibil eta politikoak defendatu lelo hartuta manifestaziora deitu dute ekainaren 20an, 17:30ean, Bilbon Plaza Eliptikotik irtenda. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat plataforma eta eragile politikok egin dute mobilizatzeko deia; tartean da Azpeitia Errepresioaren Aurka plataforma ere.  Herri mugimenduen kontrako "kriminalizazio kanpaina" hasi izana eta Ertzaintzaren "inpunitatea" leporatu dizkiote Eusko Jaurlaritzari: "Elkartu garen eragileak herri mugimenduko elkarteak gara, justizia sozialean oinarrituriko eta inolako zapalkuntzarik gabeko Euskal Herriaren alde gure alea jartzen dugunak. Azken boladan, Segurtasun sailak gidatuta, Ertzaintzaren partetik errepresioa jaso dugun eragileak ere bagara, kezkaz bizi dugunak herri mugimenduaren aurkako kriminalizazioa eta poliziaren erabateko inpunitatea", adierazi zuten joan den larunbatean Bilbon egindako agerraldian.

Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformaz gainera, honako eragileak batu dira hilaren 20ko mobilizazioaren deialdira: Euskal Herriko Global Sumud Flotilla, Amaya Zabarte, Justizia Aranarentzat plataforma, Gazte Koordinadora Sozialista, Errekaleor Bizirik, Herri Norte Taldea, Bultzada Txuri-urdina, Iraultza 1921, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea. Dena den, agerraldian adierazi zuten, eragile horiek ez direla bakarrak errepresioa jaso dutenak: " Joan den astean 28 kide atxilotu zituzten Iruñean Vito Quiles Espainiako eskuin muturreko ekintzailearen ekitaldi faxista oztopatzeagatik. Ipar Euskal Herrian ere hamarnaka kide atxilotu eta zigortu dituzte azkenaldian. Gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu guztiei".

Azkenaldian, polizia bortizkeria "gogorragoa eta etengabea" dela salatu dute. Horrez gain, herri mugimenduaren kontrako "kriminalizazioa eta poliziaren gehiegikeriak zuritzea" egotzi diote Eusko Jaurlaritzari eta Bingen Zupiria Segurtasun sailburuari. Haien arabera, Loiuko aireportuan Flotillako kideen aurkako Ertzaintzaren erasoa ez da kasu isolatu bat, dozenaka atxiloketa, borrakada, karga eta kriminalizazio kasu gertatu dira: "Besteak beste, Iker Aranaren kasua, Amaya Zabarterena, Xuhar Pazosena edota Aritz Ibarrarena polizia bortizkeriaren adibideak dira. Horrez gain, dozenaka atxilotu eta identifikatu daude faxismoari aurre egiteagatik, autogestioa defendatzeagatik, etxegabetzeei aurre egiteagatik edota gaztetxeak irekitzen saiatzeagatik". Kasu horien aurrean, EAJk eta Segurtasun sailburuak "kriminalizazio kanpainekin" erantzun izana salatu dute.

Testuinguru horretan, "mobilizazioa" da duten "tresna behinena", eta hori defendatzea dagokiela esan dute, eta mobilizazioak zilegi direla nabarmendu dute: "Manifestazioak, birjabetzeak edota desobedientzia zibila, besteak beste. Horiek dira, ordea, estatuen jopuntuan daudenak, arrazoi batengatik: EAJk kapitalisten interesak defendatzen dituelako". 

Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak ekainaren 20ko Bilboko manifestazioarekin bat egingo du, errepresioaren aurka egiteko "beharrezkoa" ikusten dutelako herritik haratago mobilizatzea. "Muga bat jarri nahi diogulako errepresioari, eta zehazki, Eusko Jaurlaritzak herri mugimenduaren aurka mantentzen duen kriminalizazio kanpaina etengabeari".

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide