Azaroaren 15ean bukatuko da Juan Joxe Agirreren oroimenezko lehiaketara lanak aurkezteko epea

Azpeitiko Argazki Elkarteak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak elkarlanean antolatuta, Zuhaitza da lehiaketaren gaia. Argazkigintzako profesionalek nahiz argazkizaleek parte har dezakete, eta horietako bakoitzak, gehienez, hiru argazki aurkeztu ditzake.

Martxan da Azpeitiko Argazki Elkarteak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak elkarlanean antolatu duten Juan Joxe Agirreren oroimenezko argazki lehiaketa. Bi elkarteek antolatzen duten Udazkeneko eta Mendiko Argazki Rallya ordezkatuko du aurten lehiaketa honek eta Zuhaitza –basoa, adarrak, sustraiak, xehetasunak...– izango da lehiaketaren gaia, joan den abuztuan hil zen Juan Joxe Agirre AAEko kidearen gai kutunaren omenez.

Bi aste baino gutxiago geratzen dira lehiaketan parte hartu ahal izateko. Izan ere, azaroaren 15ean amaituko da lanak aurkezteko epea. Argazkigintzako profesionalek nahiz argazkizaleek parte har dezakete lehian, eta horietako bakoitzak, gehienez, hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu azaroaren 15a baino lehen. Irudiak jpg formatu digitalean aurkeztu beharko dituzte, 72ko erresoluzioarekin eta alde handienean 1.500 pixelekin. Argazkiak e-posta bidez bidali beharko dira argazkiakaae@gmail.com helbidera, parte-hartzailearen izen-abizenak nahiz telefono zenbakia zehaztuta.

Sariak

Lau sari banatuko ditu Juan Joxe Agirreren oroimenezko argazki lehiaketak:

  • Argazki onenarena –180 euro eta garaikurra–.
  • Bigarren argazki onenarena –150 euro eta diploma–
  • Hirugarren argazki onenarena –120 euro eta diploma–.
  • Herriko argazkilariek egindako irudi onenarena –100 euro eta diploma–.

Argazkien egileek ezingo dute sari bat baino gehiago eskuratu. Bestalde, saritutako argazkiak antolatzaileen jabetzakoak izango dira, eta horiek irudiok argitaratzeko, zabaltzeko edo erabiltzeko eskubidea izango dute, egilearen izena adierazita eta irabazi asmorik gabe.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide