Atzo, ostegunarekin, aztertu zituen Azpeitiko Argazki Elkarteak 2021eko 12x12 barne lehiaketako emaitza guztiak, eta urteko argazki bildumarik onena Gorka Arregirena izan da. Bigarren Iñigo Olarte sailkatu da, eta hirugarren, Juan Mari Ibarzabal.
Ez zen, baina, hori izan atzoko bilkuran hartutako erabaki bakarra. Izan ere, abenduko barne lehiaketako argazkiak ikusi eta bozkatu zituzten. Abenduko gaia Argazki lapurtua izan zen; hau da, argazkian ageri den pertsona konturatu gabe egindako argazkia. Irudirik onena Iñigo Olarterena izan zen, eta bigarren eta hirugarren sailkatu ziren, hurrenez hurren, Juan Carlos del Pozo eta Angel Olabarria. Honako lotura honetan ikus daitezke abenduko argazkiak.
Argazki Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie hilabete hauetan argazki lehiaketan parte hartu duten bazkide guztiei, eta aurten ere, hileroko gaia kamerarekin irudikatzen jarraitzeko deia egin die.