Durangoko Javier Lopezek irabazi du XII. Gau Txori argazki rallya

Bigarren bilduma onena Jose Luis Rodriguezena izan da, eta hirugarrena, Oscar Bailerena. Herriko lehen sailkatua, berriz, Iñaki Etxenagusia izan da. Sari banaketa eta lehiaketara aurkeztutako argazkien proiekzioa etzi, zapatua, izango dira, Soreasuko Dinamoa sormen gunean, 18:00etan.

Durangoko (Bizkaia) Javier Lopez Fabian argazkilariarena izan da aurtengo Gau Txori rallyko argazki bildumarik onena. Bigarren bilduma onena Jose Luis Rodriguezena izan da, eta hirugarren bilduma onena, berriz, Oscar Bailerena. Herriko lehen sailkatua –hiru lehenetan ez saritua– Iñaki Etxenagusia izan da.

Azpeitiko Argazki Elkarteak izendatutako epaimahaiak atzo gauez erabaki zuen XII. Gau Txori argazki rallyaren sailkapena, rallyra aurkeztutako argazki guztiak ikusi eta horiek puntuatu ondoren. Elkarteko hiru kidek osatu dute epaimahaia: Gorka Arregi, Valen Garcia eta Javier Ruiz de Larrinaga.

25 lagunek parte hartu zuten otsailaren 19an egin zen gaueko rallyan, eta honako gai hauek landu behar izan zituzten horiek: taberna, barrutik nahiz kanpotik; islada; kontrargia; kaldereroak; eta abstraktua.

Sari banaketa eta lehiaketara aurkeztutako argazkien proiekzioa etzi, zapatua, izango dira, Soreasuko Dinamoa sormen gunean, 18:00etan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide