Inauteriak 2026

Karnabaletako sokamuturraren inguruko 46. argazki lehiaketarako dena prest

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Argazki Elkartea 2026ko otsailaren 4a

Azpeitiko karnabaletan sokamuturra egitea baimendu dutela jakinda, Azpeitiko Argazki Elkarteak 46. Sokamuturra Argazki Lehiaketa Imanol Elias Saria antolatu du. Otsailaren 15ean, 16an eta 17an Azpeitian zezenean ateratako argazkiekin parte hartu ahalko da sariketan. Sokamuturreko argazkiak zuri-beltzean atera beharko dira eta inauteri girokoak koloretan.

46. Sokamuturra Argazki Lehiaketa Imanol Elias Saria antolatu du Azpeitiko Argazki Elkarteak karnabaletarako. Ohi bezala Jai Karnabaleko, Astelehen Karnabaleko eta Astearte Karnabaleko (otsailak 15, 16 eta 17) sokamuturrean ateratako argazkiekin parte hartu ahalko da lehiaketan.

Inauteri giroari lotutako Iñaki Joaristi Altzarte sari berezia koloretako argazki onenari emango diote.

Egile bakoitzak zazpi argazki aurkeztu behar ditu nahitaez, Sokamuturra gaiari buruzko bost argazki eta inauterietako giroari buruzko beste bi. Sokamuturreko bost argazkiak zuri-beltzean izan beharko dute eta inauteri giroaren ingurukoak koloretan. Argazki elkarteak zehaztu du lehiaketan ez dela onartuko argazki muntaiarik, eta nahi duten guztiek parte hartu ahalko dute argazki lehiaketan. Bestalde, aurreko urteetan egin den bezala, lehiaketatik kanporatuak izango dira argazkiak bi formatuetan aurkezten ez dituzten lehiakideak.

Lehiaketara aurkeztu beharreko argazkien tamaina 20x30 zm-koa izan beharko da, eta argazki bakoitzaren atzealdean argazkiaren izenburua, argazkilariaren izen-abizenak, helbidea eta kontakturako telefono zenbaki bat jarri beharko dira. Argazki denen artxibo digitala erakusketakaae@gmail helbide elektronikora bidali behar da.

Lehiaketara lanak aurkezteko epea otsailaren 26an, osteguna, 22:00etan amaituko da (egun horretarako lehiaketan parte hartuko duten argazkiek Azpeitiko Argazki Elkartearen egoitzan egon beharko dute).

Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia apirilaren 11n, larunbata, 13:00etan egingo dute,  argazki erakusketa irekitzearekin batera.

Nahi duenak hemen ditu jeisteko 2026ko sokamuturreko argazki lehiaketako oinarriak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide