Jose Miguel Romerok irabazi du Gau Txori argazki rallyaren aurtengo edizioa. Joan zen otsailaren 28an egin zuten egitasmoa, eta hamazazpi lagunek parte hartu zuten. Horietako gehienak Gipuzkoako hainbat herritakoak ziren, baina Bizkaitik eta Nafarroatik ere iritsi ziren partaideak Azpeitira. Erreflexua, minimalismoa, urbanoa, eskailerak nahiz lerro paraleloak gai hartuta jardun zuten argazkilariek irudiak egiten, gauez eta Azpeitiko lurretatik atera gabe.
Pilar Aguayok, Fernando Anzak eta Jose Angel Amutxastegik osatutako epaimahaiak hala erabita, Romero izan da garailea, 109 puntu batuta, eta ondorioz, 150 euro eta graikurra jasoko ditu. Bigarren Josu Altzelai sailkatu da, 107 punturekin, eta ehun euro eta garaikurra irabazi ditu; eta hirugarren Adiel Zabala izan da, 106 puntu batuta, eta hark 70 euro eta garaikurra eskuratuko ditu. Halaber, herriko lehen sailkatua Valen Garcia izan da, 101 punturekin.
Sari banaketa ostegunean egingo du Azpeitiko Argazki Elkarteak, 21:00etan, elkartearen egoitzan, hau da, Dinamoa sormen gunean. Rallyko argazkiak elkartearen webgunean ikus daitezke.