Mediterraneo aldean, eta bereziki Valentziako erkidegoan gertatutakoak txunditu egin gaitu, eta barruak mugiarazi. 700 kilometrora egonda egin nahiko genukeen guztia egitea ez da posible, baina gure aletxoa jartzeko beharra ikusi genuen.
Material bilketaren deia egin genuenean garbi geneukan zer-nolakoa zen azpeitiarron solidaritatea, baina jasotakoak ikusita ziurtatuta geratzen da hori. Denetarik duen kamioi oso bat bete dugu Batzokira gerturatu zareten guztion laguntzarekin. Kamioikada bat bideratu dugu Azpeititik Valentziara.
Guk bildutako material guztia dagoeneko Torrent herrian da, furgonetetan banatuta bidali da asteburuan bertako udalaren baimenekin; bidalketa zentralizatua Latinos en Gipuzkoa elkarteak koordinatu du. Gipuzkoako puntu desberdinetan bildutako materiala bidaltzen jarraituko dute datozen egunetan eta asteetan, beharren arabera, tantaka.
Pozarren gaude, eta bihotzez eskerrak eman nahi ditugu. Eskerrak gazte, heldu, erretiratu... azpeitiar guztioi. Eskerrak pentsaera, adin, kolore, arraza... guztien gainetik gure deiari erantzunez Batzokira gerturatu zaretenoi. Aipamen berezia egin nahiko genieke Azpeitiko merkatariei eta enpresei; garraioa, kaxak, eskulana eta material ugari ere entregatu digutelako beren izenak inon agertzeko asmorik gabe. Eskerrak, baita ere, bailarako ikasle talde bati, han-hemen materiala bildu eta gurera ekarri dutelako. Eta noski, Valentzian bertan dauden azpeitiarrei eskerrak eman eta animoak bidali nahi dizkiegu egiten ari diren lanagatik.
Esku asko, pertsona asko, bihotz asko pasatu dira gure Batzokitik, eta denok jarri duzue zuena, zuen alea. Euriteek lagatako sarraskia arintzeko gure aletxoa jartzen lagundu diguzue. Denon aletxoa. Garbi dugu hori eta gehiago beharko dutela, basamortuan aletxo bat bakarrik izango garela, baina harro gaude azpeitiarrak ale hori garelako.
Egin dezagun lo lasai eta harro, gure herriaren solidaritatea, beste behin ere, agerian laga dugulako. Honako lerro hauekin elkartasuna adierazi nahi diegu sarraski honen ondorioak pairatzen eta jasaten ari diren guztiei.
Besarkada bat, eta eskerrik asko guztioi, bihotzez.