Valentziako Generalitatearen eskertza jaso du Azpeitiko Batzokiak material bilketa egiteagatik

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko EAJ 2024ko abe. 27a, 07:52

Azpeitiko Batzokian jasotako materiala Valentziara bidaltzeko kamioietan kargatzen-

Valentzian Danak eragindakoa arindu nahian, azpeitiarron materiala bildu eta Valentziara bideratu genuen Azpeitiko jeltzaleon egoitzatik.

Valentziako Gobernuak azpeitiarron solidaritatea eskertu dio Azpeitiko Batzokiari azken egunotan helarazitako gutunean.

Valentzian Danaren euriteek eragindako kaltea eta sarraskia arindu zein bertakoei lagundu nahian material ugari bildu genuen EAJkook Olazko Amaren enparantzan dugun egoitzan, eta Gipuzkoako beste zenbait elkarterekin batera koordinatuta Valentziako erkidegora bidali genuen.

30 paletik gora batu genituen Azpeitian. Bertatik bertara Valentziako jendeak eskertu bagaitu ere, orain, instituzioetatik iritsi zaigu aitortza. Elikagaiak, arropak, garbiketarako produktuak, garbiketarako materiala eta bereziki haur zein adinekoentzako lehen beharretarako materiala bideratu genuen hemendik hara.

Azpeitiko EAJ oso eskertuta dago herritarrok izandako erantzunarekin, eta jeltzaleok Valentziatik jasotako aitortza herritarrekin partekatu nahi dugu, herritar guztien laguntzarik gabe ekimena aurrera ateratzea ezinezkoa izango zelako. 

Material bilketa garrantzitsuaren ondoren, eskerrak emateko oharra argitaratu bagenuen ere, berriro eskertu nahi ditugu "norbanako, enpresa, merkatari, elkarte, gazte, heldu, erretiratu... eta azpeitiar guztiok". Denon laguntza, indarra eta gogoa ezinbestekoa izan direlako. Eskertza ez da EAJrentzat, guri iritsi bazaigu ere, aitortza Azpeitiari egin diote.

Bidalketa egin ondoren adierazi genuen basamortuko hondar aletxo bat modukoa izango zela Azpeitiko laguntza Valentzian gertatutako sarraskian, baina hori ere ezinbestekoa izango zutela, Generalitateak orain gogorarazi duen moduan.

Oraindik ere asko dago egiteko Valentzian, eta gertatutakoa ezin da ahaztu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide