Gabonen eta jaiegunen bueltan gertatutakoez

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko EAJ 2025ko urt. 13a, 18:53

Hainbat petardo. (Freepic)

Petardoak, suziriak, pintadak eta bestelakoek elkarbizitza zailtzeaz gain, herritarren segurtasuna jokoan jartzen dute. EAJk Gabonen bueltan izan diren gertaerez honako testu hau kaleratu du.

Pasatu diren festetan hamaika pankarta ikusi ditugu hainbat aldarrikapenekin. Nahikoa ez ote, eta aldarrikapen berberekin herria pintadaz bete dute, norbanakoen eta instituzio publikoen paretak hondatuz. Kaleak guztionak dira, eta udalak arautzen du erabilera. Paretak jabeenak dira, eta ezin dira baimenik gabe hondatu, gutxiago babestuta dauden eta ehunka urte dituzten eraikinetakoak. XXI. gizaldiko bigarren laurdenean ia sartu garenean, Franco hil zeneko moduak erabiltzen jarraitzen dugu. Aldarrikapenak egiteko beste modu bat egon behar du, aurreratuagoa, ez kaltegarria, errespetu gehiago adierazten duena.

Bestalde, azken urteetan, Urte Zahar gauean suziriak botatzea zeharo normalizatu da. Beti arriskutsua izanik, erabilpenean dago gakoa. Plaza inguruan gertatu zena eta auzotarrak beldurtu zituena ezin da onartu.  Hain zabalduta dagoena galaraztea oso zaila da. Hausnarketa egitea eta zentzua erabiltzea eskatzen dugu, batik bat suziriak zabar erabiltzen dituztenei. Erabilpen traketsak eragindako zorigaitzak ez ditugu ez oso aspaldi, ez oso urrun.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide