Udaltzainen prozesu bateratuaren inguruan bi-hiru gauza komentatu nahi ditugu. Herrian errotutako udaltzainak izatea du helburu ekimenak. Gu ados gaude horrekin, denok nahi dugu gertuko Udaltzaingoa, herria ezagutzen duena, euskaraz erantzungo diguna, lana fin egingo duena.
Gauza da: non egon da Bildu? Zer egin du Bilduk gobernuan hamalau urtez? Zergatik joan dira hainbeste udaltzain?
1.- Hamabi urtez ez delako oposaketa plaza bakar bat atera. Izan ditugu lanean azpeitiarrak, azkoitiarrak, elgoibartarrak, tolosarrak... Eta joan egin dira Azpeitian plazarik ez delako eskaini, eta, aldiz, Irunen, Errenterian, Zarautzen... bai.
2.- Udaltzaingoaren lan egoera okertu egin delako:
- Sartzen dituzten ordu estrak ez dizkiete dirutan ordaintzen, lehen bai.
- 10.000-20.000 biztanle arteko herrien artean (hamahiru dira Gipuzkoan) hirugarren soldata baxuena dute.
- Eskatu dituzten segurtasun neurriak ukatu egin zaizkie.
- Legez kanpo mikrofonoak eta kamerak jarri zitzaizkien beren elkarrizketak kontrolatzeko (eta kendu, guztiz legez kanpokoa zelako). Nork agindu zuen hori?
3.- Ez dugu ulertzen zergatik dioten horrelako alergia Arkautiko akademiari. Legeak derrigortzat jotzen dituen ikastaroez aparte, Udaltzaingoarentzat 50 ikastaro eskainitzen dira Arkautin; adibidez, desgaitasun intelektuala duten pertsonak nola tratatu, animaliak nola kudeatu, suteak, bide segurtasuna, delituen biktimei eskaini beharreko arreta, suizidioak, drogak, egoera kritikoetan larrialdiak kudeatu, landa ingurunea, sexu indarkeria, sonometriak...
Madrilen eta Castellon ikastaroak egin dituzte udaltzainek, baina Arkautin ez... Hangoak Arkautikoek baino gertutasun handiagoa dute itxura... Eta egin behar badira, konforme, baina Arkautirekiko alergia ezin dugu ulertu.
4.- B2 hizkuntz profila eskatzen da deialdian, eta ados gaude, nola ez. Zoritxarrez, baina, epaitegietan atzera bota dituzte B2a eskatzen duten deialdiak. Arkautiko akademiak errekurritu ditu epai horiek, baina Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) behin betiko atzera bota ditu helegite horiek.
Epaitegiek deialdia atzera botako dutela jakinda, ez al da proiektu osoa hankaz gora jarriko? Ez al du Bilduren propaganda ekimen bat bihurtzen, Udaltzaingoarekin izan duten kudeaketa eskasa estaltzeko erabiltzen ari direna?