Zezenketei oztopo gehiago ez

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko EAJ

Azpeitiko zezen plaza.

Aurreko udalbatzarrean izandako eztabaidaren harira, hainbat azalpen eman nahi ditu EAJren udal taldeak. Ez dago ados Udal Gobernuak Zezenzale Batzordeari laugarren zezenketa antolatzeko baimena ukatu izanagatik.

Aurreko astearteko udalbatzarrean esan genuen bezala, ez gaude ados Zezenzale Batzordeak egindako bi eskaerari ezezkoa ematearekin. Ehunka urtetan izan dira zezenketak Azpeitian. San Inazio festak ez lirateke berberak izango Zezenzale Batzordeak antolatzen dituen zezenketarik gabe.

Aurten festak larunbatean bukatzen dira. Hori horrela izanik, Batzordeak,  salbuespen gisa (udaberrian beste zekorketa batez gain), igandean beste zezenketa bat antolatu nahi izan du, eta udalari zezen plaza erabili ahal izatea eskatu dio; erabilera bakarrik, euro bakar bat ere ez dio eskatu. Egun baterako erabilpena.Udalak ukatu egin dizkie eskaera horiek. Beren eskubidea da, baina gu ez gaude ados, eta gure protesta azaldu nahi dugu.

Zezenzale Batzordeak –ez ahaztu, irabazi asmorik ez duen batzordea–  hamarkadak daramatza zezenketak antolatzen. Milaka zale Azpeitira erakartzeaz gain –herriko eta bailarako jatetxeak betetzen dituztenak), festa ondoren, egoera zaurgarrian dauden pertsonak artatzen dituzten elkarteei milaka euro banatzen dizkie. 12.000 euro, hain zuzen, 2024an: 6.000 euro Caritasi, 2.000 euro Txolarteri, beste 2.000 euro Valentziako uholdeek kaltetutako herritarrei eta beste 2.000 euro Ugandan proiektu bat duen herriko talde bati. 15.000 euro banatu zituen elkarteak aurreko bi urteetan. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Udalari eskatzen diogu, gero eta oztopo gehiago jarri beharrean, benetan babestu dezala herriaren alde eta udalak antolatzen dituen festen alde  hainbeste lan egiten duen Zezenzale Batzordea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide