Euzko Alderdi Jeltzalea abstenitu egin da 2026 aurrekontuetan. Zergatik? Alde batetik behar sozialak babesteko jarri den diruarekin ados gaude, baina gobernu taldeak aurten garatu behar zituen hainbat proiektu ez ditu garatu, eta horrek zalantzak sortu dizkigu: adibidez, Santutxoko babestutako 28 etxeak, Sanjuandegiko komunak eta Goiko kaleko 2. zenbakiko eraikinaren eraispena.
Kasu bakoitzean mila argudio erabili ditzake udal gobernuak, baina emaitza zera da: ez direla gauzatu. Etxebizitza arloan, gizartearen kezka handiena izanik, politika integral bat falta zaio udal gobernuari. Konpontzen hasteko, osotasunean hartu behar da gaia:
- Eraiki behar direnak: Amue, Magdalena-Soreasu, Errebala…
- Alokairuko etxebizitzak sustatzen jarraitu behar da, modalitate ezberdinetan.
- Lokalak egokitzeko ordenantza bat idatzi behar da… Zestoan posible bada, zergatik ez hemen?
- Etxebizitza sozialak ere behar ditugu. Esklabatako ezker hegala hor dugu. Hiru urte ondoren, ez da nahikoa Eusko Jaurlaritzari ikerketa bat egitea eskatuko diotela esatea.
- Beste erakundeekin aliantzak beharko dira, baina plan serio bat garatu behar da.
Udal gobernuak gure eskaera batzuk onartu ditu:
- Landetarako plan berezia (aurreko legealdian abian jarri zutena baina bertan behera utzi zuten) berriro lantzen hastea.
- Baso lurren erosketa eta basoak sortzeko plana.
- Igerilekuko eraikinerako eta Euskaltegirako aire girotua zein beste eraikinetakoa aztertu.
- Lan munduan euskara sustatzen jarraitu.
- Nazioarteko lankidetza erakundeentzako finantzaketa bermatzea eta proiektu linea berriak zabaltzea
- Alde Zaharreko eraikinen egitura egoeraren azterketa eta prebentzio plan bat.
Baina Bilduren kudeaketak ez digu konfiantzarik ematen. 2025an, gure proposamenak baztertu ziituzten, desegoki ikusi zituzten, baina gero beraiek jarri zituzten martxan. Adibidez, Sierben komentua. Guk erostea proposatu genuen, proposamena populista eta zuhurtziarik gabea omen zen, baina lau hilabetera, bi milioi euro jarri zituzten "proiektu estrategikoa" zelako.
Aurrekontu horiek lau udaltzaineko bost txanda ziurtatzen omen zituzten. Berehala ikusi da ezetz. Askotan bi bakarrik egoten dira, eta noizbait bakarra ere bai. Beste udal langileek kobratzen dituzten ordu extrak ez zituzten onartzen Udaltzaingorako, baina bi hilabetera ordaintzen hasi ziren. Bestalde, zaintzarako kamera batzuk badituzte puntu batzuetan, baina errepideetan, ez kaleak babesteko. Horrez gain, zalantzak ditugu udaltzain guztiak betetzen ote dituzten legeak eskatutako baldintzak bere eginkizunak aurrera eramateko. Eta orain, udaltzain berriak, armak eramango dituztenak, proba psikoteknikorik gabe sartuko dira.
Gastu korrontearen joera kezkagarria da, behar ditugun inbertsioak oztopatzen eta atzeratzen dira eta. Gure ustez, kiroldegirako inbertsioa lehenago egin behar zen. Eta azkenik, baliabideak hobeto kudeatu behar ditugu: kaleak eta hormak garbiago egon behar dira.