Inauteriak 2026

Inauteriak bai, konfrontaziorik ez

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko EAJ 2026ko otsailaren 20a

Loiolako Ignazioren prozesioaren mozorroa osatu zuen taldea, sari banaketa ekitaldian.

Joan berri diren inauterietan Loiolako Inazioren prozesioaren mozorroak herrian "ezinegona" sortu duela eta, jazotakoaren gaineko irakurketa egin du Azpeitiko EAJren udal taldeak. Bizikidetzarako deia egin du, inauterietan kritikak, adierazpen askatasunak nahiz satirak lekua duten gisan, errespetuak ere baduela aldarrikatzearekin batera. Udalak errespetuaren berma izan behar duela uste dute jeltzaleek, eta sinesmen erlijiosoak errespetatzeko deia egin du.

Inauteriak askatasunerako gune izan dira, eta hala izaten jarraitu behar dute. Geure buruaz barre egiteko unea, kritika egiteko, parodia eta sarkasmoa adierazpen kolektiborako tresna osasuntsu gisa erabiltzeko garaia. Horretan datza, hain zuzen ere, inauterien funtsa: egunerokoa irauli, antzeztu eta, behar izanez gero, kritikatu edota zalantzan jartzeko.

Azpeitiko azken inauterietan, Astelehen Karnabalean, eta udalak antolatutako mozorro lehiaketaren barruan, talde batek parodia gisa irudikatu zuen Loiolako Ignaziori eskainitako prozesio instituzional-erlijiosoa; herriko zaindaria eta Gipuzkoako patroia ere badena. Ideia bera, bere horretan, inauterien espirituaren barruan uler zitekeen: denok ezagutzen dugun eszena bat berrirakurri eta satiraren eta umorearen eremura ekartzea, antzeztea.

Arazoa ez zen parodia izan. Arazoa edukia izan zen, forma. Beste behin ere, formak. Guztiak ez du balio. Konpartsaren ibilbidean zehar, mezuak zituzten estandarteak erakutsi ziren; ez zuten bilatzen ez hausnarketa kritikorik, ez irakurketa eraikitzailerik, baizik eta probokazio zuzena eta gure gizarteko zati handi baten sinesmen erlijioso sakonak barregarri uztea. Eta horrek ezinegona sortu zuen. Kalean nabaria zen ezinegona.

Argi dago pertsonaia historiko askok, gaur egungo irizpideekin aztertzen baditugu, gaur onartezintzat joko genituzkeen alderdiak dituztela. Ignazioren bizitza, XVI. mendeko edozein pertsonarena bezala, bere testuinguru historikoan ulertu behar da. Duela bostehun urteko errealitateak XXI. mendeko begiradarekin epaitzeak sinplifikazio bidegabeetara eraman gaitzake. Eta hori ez da historiaren defentsa itsu bat; koherentziarako dei bat baizik.

Inauteriak kritikatzeko aukera ematen du, noski. Sarkasmoa egiteko aukera ere bai. Tradizioak zalantzan jartzeko aukera ere bai. Baina ez luke bihurtu behar gure auzokide askoren sinesmen erlijiosoak edo ideologikoak seinalatzeko, barregarri uzteko edo zuzenean mintzeko tresna. Horrela jokatzen badugu, denon jaia izateari uzten dio eta konfrontazio gune bihurtzen da. Eta gure gizarteak nahikoa sufritu du konfrontazioaren ondorioz.

Jaiak guztiontzat dira. Prozesioan aktiboki parte hartzen dutenentzat eta parte hartzen ez dutenentzat. Sinestunentzat eta sinestun ez direnentzat. Tradizioari lotura estua sentitzen diotenentzat eta distantziaz begiratzen diotenentzat. Bizikidetza horixe da: adierazten jakitea, bestea urratu gabe. Errespetutik, minik eragin gabe.

Gainera, bereziki kezkagarria da konpartsa hori taldeko mozorro onenetako bat bezala saritu izana. Udalak, lehiaketa antolatu eta babesten duen erakunde gisa, errespetuaren eta bizikidetzaren berme izan behar du. Ezin du beste aldera begiratu zatiketa sortzen duten edo oinarrizko eskubideei –erlijio askatasuna, besteak beste– eragiten dieten mezuak erabiltzen direnean.

Ez da sormena zentsuratzea edo adierazpen askatasuna mugatzea. Helburua da zentzuzko mugak ezartzea, umorearen aitzakian iraingarriak edo baztertzaileak izan daitezkeen jarrerak normaliza ez daitezen. Ekitaldi publiko batean adierazpen matxistak, arrazistak, homofoboak edo xenofoboak onartuko ez genituzkeen bezala, ez genituzke gure auzokideen sinesmen erlijiosoak iraintzen dituzten burlak ere onartu behar.

Horregatik, etorkizuneko edizioetarako mozorro lehiaketa argiago arautzea beharrezkoa dela uste dugu, errespetua eta bizikidetza bermatuko dituzten irizpideak ezarriz. Eta gogoeta hau udalari formalki helaraziko diogu, etorkizunean antzeko egoerak saihesteko eta hobekuntzak egiteko asmoz.

Izan ere, inauteriek batu egin behar gaituzte, ez zatitu. Irribarrea eragin behar digute, ez aurrez aurre jarri. Eta Azpeitia bezalako herri batean, bizikidetza edozein probokazioren gainetik egon behar da beti.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide