Sierben eraikinaren erosketan EH Bilduk izandako "koherentzia falta "salatu du Azpeitiko EAJk

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko EAJ 2026ko martxoaren 19a

Sierben eraikina.

Azpeitiko talde jeltzaleak etxebizitzen eskaintza zabaltzea, alokairua sustatzea eta hutsik dauden lokalak etxebizitza bihurtzea proposatu du. Halaber, txalotu egin du EH Bilduk Sierben eraikinaren erosketari buruz izan duen jarrera aldaketa, baina norabide horrek EH Bilduren kudeaketan "koherentzia falta" islatzen duela adierazi du. 

Azpeitiko EAJk kritikatu duenez, EH Bilduren Udal Gobernuak "koherentzia eta kudeaketa gaitasun falta izan ditu etxebizitza arazoari lotuta". Hori horrela, "herritarren kezka nagusietako bat" konpontzeko estrategia global, koordinatu eta epe luzerako baten beharra aldarrikatu du taldeak. 

EAJren ustez, etxebizitzaren arazoaren konponbidea ez dago neurri isolatuetan edo inprobisatuetan, hainbat arlo hartzen dituen plan egituratu batean baizik. “Ezin dugu jarraitu norabiderik gabe. Modu integralean eta etorkizunerako ikuspegiarekin jardutea beharrezkoa da”, adierazi du Javier Altuna talde jeltzaleko bozeramaileak. Alderdiak funtsezko hiru jarduera ildo proposatu ditu: eskaintza handitzeko eta prezioak kontrolatzeko etxebizitza berriak eraikitzea, gazte eta familiei sarbidea errazteko alokairua sustatzeko politikak, eta hutsik dauden lokalak etxebizitza gisa gaitzea, lurzoru gehiago kontsumitu gabe eskaintza handitzeko. 

Altunak argi adierazi du “etxebizitzaren arazoa ez dela neurri isolatu bakar batekin konpontzen, baizik eta hainbat irtenbide osagarri kontuan hartzen dituen ikuspegi integral batekin”. EAJren ustez, "onartezina da denbora galtzen jarraitzea, neurri konkreturik eta planifikaziorik gabe, herritarrak nahastu egiten direlako". 

"Norabide argirik gabe"

Talde jeltzaleak, gainera, bere harridura adierazi du udalak duela gutxi Sierben eraikina erosi duelako, EH Bilduk proposamen horren inguruan hartutako azken erabakia "ez datorrelako bat duela sei hilabete izan zuen jarrerarekin". Bere garaian, EAJk eraikina eta lurrak erosi eta horiek herriaren interes orokorrerako erabiltzea proposatu zuela diote jeltzaleek, baina EH Bilduren Udal Gobernuak atzera bota zuela proposamen hori, ekimena “populista eta zentzurik gabea” zela adieraziz.

"EH Bilduk egin duen 180 graduko bira honek agerian uzten du plangintzan eta kudeaketan duen koherentzia falta. EAJrentzat, estrategia argirik gabe eta azterketa sakonik egin gabe hartutako gisa horretako erabakiek  herritarrengan nahasmena eta mesfidantza besterik ez dute sortzen". Altunak azpimarratu duenez, “garrantzi handiko proiektuei buruzko erabakiek interes orokorrean oinarrituta egon behar dute, ez unean uneko interes politikoetan". Halaber, EH Bilduk gai honetan duen "koherentzia eza" agerikoa dela, eta etxebizitzaren arloan "bere agintaldiaren ezaugarri izan den inprobisazioa" islatzen dela gaineratu du.

Alderdi jeltzaleak gogorarazi du udalak arduraz eta epe luzerako ikuspegiarekin jokatu behar duela, Azpeitiaren etorkizun egonkor eta oparoa bermatzeko. “Funtsezkoa da epe laburreko interes politikoak alde batera uztea eta azpeitiarren bizi kalitatea hobetzean zentratzea, etxebizitzaren arazoari egiazko irtenbide iraunkorrak eskainiz”, dio Altunak.

Amaitzeko, Altunak gaineratu duenez, “EAJk proposamen eraikitzaile eta errealistak egiten ditu, eta azpeitiar guztientzat irisgarriagoa izango den etxebizitza eredu baterantz aurrera egiteko lan egingo du”.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide