Urtebete inguru pasatu da Azpeitiko EAJren udal taldea udalean sartu zela oposizioan, eta Udal Gobernuak hasieratik erakutsi digu turismoa ez dela gai garrantzitsua berarentzat. Ekonomia, Merkataritza eta Turismo batzordeetan argi eta garbi ikusi da hori hilabeteak aurrera zihoazten heinean, ez baita turismoaren inguruko gai bat bera ere jorratu. Pandemia egoera honek ahalbidetu du gaian sakontzeko aukera, eta ikusi da Azpeitiko EAJko eta EH Bilduko batzordekideek turismoaren inguruan duten ikuspegi kontrajarria.
Turismo aldetik erakargarritasun handia du Azpeitiak; alde guztietatik begiratuta, herriak errekurtso ugari ditu kanpotik datozen bisitariak liluratzeko. Nazioarteko foku gehienak Loiolako eremuak bereganatzen baditu ere, azken urteetan bisitariak herriak dituen beste altxor batzuez konturatzeko lana egin da. Naturari dagokionez hor ditugu, hala nola, Izarraizko Bira, Xaguxatar bidea... Enogastronomiari lotuta, berriz, sagardotegi bat, jatetxeak, ekoizleak bisitatzeko aukera... Herriko ondare historikoari eta arkitektonikoari begira, hainbat dorretxe eta pertsonaia historiko garrantzitsu, Burdinbidearen Euskal Museoa... Hori guztia inork ez duela ezbaian jartzen pentsatzen dugu. Baina, errekurtso horiek nola, noiz eta nori erakutsi erabakitzeko garaian hasten da nabarmentzen bakoitzak duen turismoarekiko ikuspegia.
Pandemiari aurre egiteko arlo ezberdinetan neurriak hartu diren bezela, turismoari lotuta ere zerbait egin zitekeela adierazi genuen dagokion batzordean. Eudeletik edo beste instituzioetatik etor zitezkeen laguntzak alde batera utzita, Udal Gobernuak Azpeitiari zegozkion neurri batzuk hartzeari ekitea ondo ikusi zuela zirudien. EAJren udal taldeko kideok lanean jardun dugu horretarako, baina ez du ezertarako balio izan.
Uda sasoi berezi honetan bisitariak erakartzeko aukera paregabea ikusten genuen, eta horretarako turismoa sustatzeko plan bat aurkeztu genion batzordeburuari. Uztailean hasi eta urte bukaerara arte, herrian erabiltzeko zortzi turismo pakete ateratzea proposatzen genituen, bikoteentzat zein familientzat, gau bat edo bi igarotzeko, astean zeharrerako edo asteburuetarako. Pakete turistiko horietan udalak ordainduko lituzke museoetarako sarrerak, eta merkataritza bonoak banatuko genituzke; pakete bakoitzeko 50 eta 75 euro arteko laguntza emango luke udalak. Guztira, 400 pakete turistiko eta 15.000 euroko dirulaguntza, egoera zail honetan jendea erakartzeko, eta horiek herrian gau bat edo bi egitera behartuta, tren museorako eta loiolatarren dorretxeko sarrera dohainik eskuratuko lukete. Era berean, herrian erosketak edota otorduak egiteko bonuak izango lituzkete bisitariek.
Batzordeko kideek esan ziguten beraiek ez zutela egokia ikusten modu horretara lantzea, Eudelen proposamenaren zain zeudela eta ez zutela garbi ikusten udaletxetik nola kudeatu laguntza mota hori. Esan ziguten hobeto ikusten zutela ostatuei zuzenean ematea laguntza. Eudel gora, Eudel behera, instituzio horrek zalantza ugari izan dituela eta, irailera arte laguntza ez ateratzea erabaki du azkenean, eta Azpeitiko EH Bilduk gauza berbera egin du. Lehenik, Eudeleko laguntza etorri bitartean herrian geure proposamen propioa landu genezakeela esan, eta gero, Eudelek bonu turistikoak oraindik atera ez izana erabili herrian ezertxo ere ez egiteko. Kudeaketaren gaineko zalantzekin justifikatu dute ez egitea. Ez dute ikusten edo ez dute landu nahi izan. Izan ere, aukera posible ezberdinak ikusten ditugu guk. Turismo bulegotik bertan egin daitezke erreserbak, eta iristean, bisitariak bertatik pasatu daitezke bonuak jasotzera eta ordaintzera. Bertan elkarteak merkataritza bonuen salmentarekin egin zuen antzeko formula bat erabil daiteke, edota Smartbox nahiz Wonderbox bezalako pakete turistikoen formula erabili. Aukera ezberdinak daude, baina horiek lantzeko borondatea behar da.
Proposamena ez zela ondo ikusten eta alojamenduak zuzenean laguntzeko ideia bat bota zuten batzordean. Hori horrela izanik, nola egin nahi zuten argitzeko proposamen zehatza idatziz pasatzeko eskatu genien. Zain gaude oraindik. Proposamenaren aipamen soil bat dagoen batzordeko aktara zuzendu ginduten, gure harridurarako.
Gure lehen proposamenaren ildotik, beraiek ere zerbait bazutela prestatuta eta bost orriko txosten bat pasatu ziguten. Mamirik gabeko bost orri, agertzen zen ekimen zehatz bakarra bisita gidatu batzuk antolatzea izanik. Euskal Herriko barne turismoa sustatzeko bisita gidatu bereziak, euskara hutsean eta oso ongi ulertzen ez genituen bisita konkretu batzuekin. Kulturaz kooperatibatik kulturaren inguruan herrian sortu den kultur mugimenduari begira prestatutako bisitak: Sanagustin, Dinamoa... Elikagunera bisitak, Km 0 kontzeptuaren ingurukoak... Euskararen inguruko bisitak, zer-nolako herri euskalduna garen azaltzen duten bisitak... Ez dugu zalantzan jartzen bisita konkretu horiek interesgarriak direla, baina publiko murritz batentzat eta tartean behin egitekoak direla uste dugu. Udarako eta herriko turismoari begira, ikuspegi globalago bat izan beharko genukeela iruditzen zaigu: bisita gidatu orokorrak, herriko ondareari begira eta hizkuntz ezberdinetan egindakoak. Horren harira, gure taldean gida lokal bat badugu, eta gai honetan inplikatzeko eta bisita gidatuak dohain egiteko prest agertu da asteburuetan; izan ere, ez genuen herriko bisitak egiteko besterik libre egongo zenik ikusten. Badirudi, ondareraren inguruko bisita horietan gida lanak egingo dituena turismo bulegoko arduraduna izango dela. Hori dela eta, bisita garaian, turismo bulegoa ixtera behartuta egongo da; ulertzen ez dugun egoera, ezbairik gabe.
Hori guztia egin nahi dituzten bisitei dagokionez. Izan ere, nahi hortatik haratago ez dakigu ezertxo ere. Ez zer mezuren inguruan egingo diren bisitak, ez noiz, ez zer maiztasunekin... Eta uztailaren amaieran gaude. Zer pentsatua ematen digu, bai, turismoaren inguruan Azpeitiko EH Bilduk duen ikuspegiak.