Multikirol programako hirugarren jardunaldia izango da larunbatean

(Argazkia: Azpeitiko eskola kirola)

Aurreko asteburuko jardunaldiaren balorazio positiboa egin dute eskola kirol egitasmoaren antolatzaileek, eta martxan dira jada ikasturte honetarako aurreikusi dituzten hainbat berrikuntza.

Aurreko asteburuko jardunaldiaren balorazio positiboa egin dute eskola kirol egitasmoaren antolatzaileek. Eskola kirol egokituko saioan, ikusmen zein mugikortasun arazoekin sentsibilizatzeko jolasak eginez ondo pasatu zuten LH3ko eta LH4ko ikasleek. LH5 eta LH6koen kasuan, itxura oso ona eman zuten saskibaloi partidetan. Parte hartze maila handia nabarmendu behar da, jarduera batean zein bestean.

Berrikuntzen artean, Azkoitiko jardunaldietara bizikletan joateko aukera baliatu zuten hainbat ikaslek, eta ekimen aberasgarri honi jarraipena emango zaio. Beste berrikuntza, ikasturte honetan jarri dugun sailkapena da. Webgunean dituzue ikusgai benjaminen eta kimuen sailkapenak.

Larunbat honetan, multikirol programaren hirugarren jardunaldian, judoa landuko dute LH3ko eta LH4ko ikasleek, eta saskibaloiko bigarren jardunaldia izango dute, berriz, LH5koek eta LH6koek. Kiroldegian izango da judo jardunaldia, Kodaore taldearen eskutik; 75 minutuko hiru txandatan banatuko dira ikasleak. Tatami finkoaz gain, kiroldegiko beheko solairuan beste tatami handiago bat prestatuko da, leku gehiago izan dezagun.

Saskibaloiko jardunaldia aurrekoaren fotmatu berarekin egingo da, Azkoitiko ikastetxeekin batera eta Iraurgi Saskibaloiko epaileekin, zazpi kantxatan banatuta. Kasu honetan, Urolan, Perdillegin eta Ikasberrin egongo dira Azpeitiko kantxak, eta Xabier Muniben eta Azkoitia BHIn Azkoitikoak. Aurrez aipatu bezala, Azkoitian jokatu behar duten ikasleek hezitzaileekin batera bizikletan joateko aukera izango dute; Azkoitira elkarrekin bizikletaz joateko, 09:30ean elkartuko dira Azpeitiko igerilekuaren aurrean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide