Aurreko ikasturtean LH5 eta LH6koek egin zuten formatu berarekin, aurten Multikiroleko adin tarte guztiei (LH3, LH4, LH5 eta LH6) nahiz JolasHezi programakoei (LH1 eta LH2) zabalduko zaie Eskola Kirol Festan parte hartzeko aukera.
Zapatuan, hilak 24, goiz guztian zehar, adin tarte bakoitzari eskainitako kirol-joko desberdinak egingo dituzte kiroldegian, hala nola joko tradizionalak, tenisa, padela, eskalada, beisbola, oztopo lasterketa eta beste hainbat jarduera.
Amaieran, Multikiroleko larunbatetako jardueretan osatzen joan diren sailkapenei (benjaminak eta kimuak edo alebinak) dagozkien sariak banatuko dira. Azkenik, Sanjuandegiko Ume Egunera joateko animazioa izango da, hara joan nahi duten umeentzat eta familientzat.
Honenbestez, lagundu diguten talde eta norbanako guztiei eskerrak emanez eta hurrengo ikasturteko eskaintzaren prestakuntzan buru belarri murgilduz agurtuko dugu denboraldia. Hurrengo asteetan izango ditugu horren inguruko berri gehiago.