Aurreko larunbatean hasi genituen ikasturte berriko eskola kiroleko jardunaldiak. Giro ederraz gozatuz egin genuen txangoa Izarraitzen magalean zehar. LH3 eta LH4ko ikasleak Madalenatik abiatu ziren mendian gora eta Urreta Txiki parean hamaiketakoa egin zuten, gero pistaraino jarraittzeko. LH5 eta LH6ko ikasleak, berriz, Otzakako baratzeetatik gora Urretara igo ziren, eta handik Izarraizko harrobiraino joan ziren, han hamaiketakoa egiteko. Itzuleran Izarraitzera igotzeko pistan elkartu ziren bi taldeak, elkarrekin goitik beherako bidea egiteko.
Lehenengo jardunaldi horrekin martxan dira ikasturte honetako benjaminen eta alebinen sailkapenak ere.
Asteburu honetako jardunaldiari dagokionez, saskibaloiko jardunaldia izango dute LH5-6 mailakoek; saskibaloiko lau saioetatik aurrena, hain zuzen ere. Iraurgi saskibaloi taldeko epaileekin jokatuko dituzte saioak. Azpeitiko, Azkoitiko eta Errezilgo taldeek parte hartuko dute bost kantxatan banatuta, eta talde bakoitzak hogei minutuko hiru partida jokatuko ditu. Webguneko egutegian dago jardunaldia osorik.
LH3-4ko haurrek, berriz, txirrindularitza saioa izango dute bihar. Jarduera Lagun Onak txirrindulari elkartearekin elkarlanean antolatu da. Lasao-Zestoa aldera egingo dute joan-etorria kirolari gazteek, eta bidean bizikletan egiteko zirkuituak eta hamaiketakoa egiteko tartea hartuko dituzte.