Azkoitiko duatloi txikian parte hartuko dute multikiroleko ikasleek bihar, larunbatarekin. Ikasturteko azken txanpan sarturik, duatloia izango da azkenaurreko jardunaldi honetako ekintza. Azkoitri triatloi klubak antolatzen du jardunaldi hau eta Trenbidearen Zumardian eta Juin Txiki industrialdean zehar arituko dira maila guztietako ikasleak.
Azpeitiko ikasleek bizikletaz joateko aukera izango dute. LH 3 eta LH 4koak izango dira lehenengo lasterketak izango dituztenak eta, beraz, 09:30ean abiatuko dira Azkoitira. Behin hara iritsi eta bizikletak dagozkien lekuetan jarrita, 10:30ean izango da LH 3koen lasterketa; eta 11:00etan, berriz, LH 4koena. Bigarrena amaitutakoan itzuliko dira Azpeitira.
LH 5 eta LH 6koak, berriz, 11:00etan abiatuko dira Azpeititik, geroago izango baitira horien lasterketak, 12:00etan eta 12:30ean, hurrenez hurren.
Asteburu honetakoa izango da sailkapenerako puntuagarria izango den azken jardunaldia (benjaminak eta kimuak), hurrengo larunbateko Eskola Kirol Festarekin amaituko baitira ikasturteko multikirol jardunaldiak.