Eskola Kirolaren aurtengo denboraldia orain dela bi aste hasi zuten, eta lehen jardunaldiko saioa ezin hobea izan zen. Benjamin mailakoek, LH3ko eta LH4ko ikasleek, Zestoara joan-etorria egin zuten bizikletaz. Zestoan bertan atsedenaldia egin, zerbait jan eta indarrak berritu ondoren, itzulerako bidea egin zuten. Eguraldia lagun, goiz ederra igaro zuten. Bestalde, LH5eko eta LH6ko kimuek, saskibaloiko lehen jardunaldia izan zuten, Azpeitian nahiz Azkoitian.
Asteburu honetan, Eskola Kiroleko bigarren jardunaldia izango dute. Benjamin mailako ikasleak tenisean ibiliko dira Betharrango pilotalekuan, 10:00etatik 13:00etara. Talde bakoitzak ordubeteko saioa egingo du, jolasen eta ariketen bitartez teniseko oinarrizko abileziak landuz. Jardunaldian Oñatz tenis klubaren laguntza izango da. Kimuen mailakoek, berriz, saskibaloiko bigarren jardunaldia izango dute asteburuko saioan, eta hogei minutuko hiru partida jokatuko ditu talde bakoitzak goizean zehar (hemen ikus daiteke jardunaldi osoa). Aurrekoan bezala, Iraurgi saskibaloi klubaren laguntza izango da partidetako epaile lanetan.