Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak aldarrikatzeko, elkarretaratzea deitu dute feministek

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Feministan Sarie 2025eko abenduaren 23a

Azpeitiko Feministen Sareak Barakaldoko hilketa matxista gaitzetsi du, eta elkarretaratzea deitu du gaurko, 19:00etan, plazan.

Herenegun, abenduaren 21ean, indarkeria matxistaren aurpegi krudelenak berriro kolpatu gintuen. Urtea amaitzear denean, beste emakume bat erauzi dute gure artetik, kasu honetan, Barakaldon; zazpigarrena, aurten. 

Azpeitiko Feministen Sareko kideok gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu emakumearen lagun, senide eta hurbilekoei. Horregatik, dei egiten dizuegu, gaur, plazan, arratsaldeko zazpietan izango den elkarretaratzean parte hartzera. 

Nahikoa da! Ezin dugu onartu urtea beste erailketa batekin amaitzea eta besoak gurutzatuta geratzea. Ezin dugu onartu indarkeria matxista gure egunerokoaren parte gisa normalizatzea.

Hilketak izozmendi baten punta besterik ez dira; baina azpian, instituzioek eta jendarteak maiz ez ikusiarena egiten duten egiturazko indarkeria dago, hamaika forma eta egituretan gure egunerokotasunean jasaten duguna. Zestoako kasuan ikusi dugun bezala, elkartasun feminista epaitzeraino.  Sistemak bai baitaki, elkartasun eta autodefentsa feminista gure tresnarik indartsuenak direla. Elkarrekin, antolatuta eta borrokan jarraituko dugu, mundu hau eraldatu arte. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide