Hau ez da gertaera isolatu bat, ezta "gizagaixo" baten ekintza bakan bat ere. Gure herrian dabilen erasotzaile honek aurrekariak ditu, 2011tik gutxienik. Era horretako delituak aurrez egin izanak argi erakusten du erasotzailearen inpunitatea handia dela eta indarkeria matxistari aurre egiteko garaian, sistemak kale egiten duela, behin eta berriz. Arazoa egiturazkoa dela, alegia.
Ikuspegi feminista batetik, ezinbestekoa da gertatutakoaren arrazoietan sakontzea eta matxismoaren alderdirik ilunenetako bat mahai gainean jartzea:
- Haurren eta emakumeen duintasunaren deuseztea: Haur pornografia eta, oro har, pornografia hegemonikoa, pertsonak (eta kasu honetan, adingabeak, babesgabeenak direnak) objektu sexual gisa erakustean oinarritzen da, gizonen desira asetzeko tresna. Desira eta boterea haur eta emakumeen zapalkuntzaren bidez eraikitzen dira.
- Kultura patriarkala eta zigorgabetasuna: Gizonen sexualitatea mugarik gabe eta bestearen baimenaren gainetik asetzeko eskubidea dagoela sinestarazten duen kultura batean bizi gara. Kontsumo mota honek indarkeria normalizatzen eta betikotzen du.
- Sareen eta teknologiaren erabilera makurra: Teknologia berriek inpunitate sentimendua areagotu dute, haurren esplotazioa eta abusuen materiala zabaltzea erraztuz.
Gertakari honen aurrean ezin gara isilik gelditu. Egiturazko arazo bati erantzun zabala eta irmoa eman behar diogu, gutako bakoitzarengandik hasi eta ardurak dituzten erakundeetaraino:
- Hezkuntza Sexual Integral Feminista: Azpeitian, hezkidetza foroaren bitartez, gure ikastetxeetan sexu hezkuntza eraldatzaile bat txertatzeko urratsak egiten ari direla jakitun gara. Etxeetan ere bide horretan sakontzeak berebiziko garrantzia du, pornografia digitala ez dadin izan belaunaldi berrien erreferente hezitzaile nagusia. Afektibitatean, errespetuan eta baimenean oinarritutako hezkuntza behar dugu.
- Babes sarea eta detekzio goiztiarra: Komunitate gisa, begiak irekita eduki behar ditugu. Haurren aurkako abusuak eta esplotazioa prebenitzeko eta detektatzeko baliabideak eta protokoloak zorroztea exijitzen dugu.
- Autodefentsa feminista eta erantzukizun kolektiboa: Indarkeria matxistaren aurkako borroka ez da soilik emakumeon edo kaltetuen afera; gizonen eta gizarte osoaren erantzukizuna da eredu bortitz hauekin haustea eta kontsumo zein jarrera hauek babesteari uztea.
Ez dugu onartuko gure herria haurren eta emakumeen aurkako indarkeriaren gorazarrerako leku edo babesleku izatea. Azpeitia herri segurua, parekidea eta solidarioa izatea nahi dugu, guztiontzat, baina batez ere zaurgarrienentzat. Beste mundu bat posible dela sinesten dugulako ahotsa goratuko dugu.
Gure kaleak eta gure gorputzak aske nahi ditugulako.
Gora borroka feminista!