Azken egunak elkartasuna plazara jaialdirako txartelak erosteko: Orkatzen eta Nizan salgai!

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Feministan Sarie

Urriaren 17an ‘Elkartasuna Plazara’ jaialdia izango da Zestoan

Azpeitiko Feministan Saretik dei egiten dizuegu Zestoako Mugimendu Feministak Urriaren 17rako antolatutako egun osoko elkartasun jaialdian parte hartzera. Txartelak salgai dituzue Orkatz eta Niza tabernetan. Gogoratu: txartelak erosteko azken eguna urriaren 12a, astelehena, izango da. 

Hauxe, egunaren harira, Zestoatik helarazi diguten mezua:

Ekainean jakin genuen elkartasun feminista gauzatzeagatik abenduan epaitu zituzten Zestoako sei bizilagunak absolbitu zituztela. Zalantzarik gabe, berri pozgarria izan da, ezinbestekoa zauriak ixten hasteko. 

Hasieratik esan zuen mugimendu feministak: emakume baten eta haren inguruan babes sarea eraiki zuten herritarren kontrako prozedura judiziala abiatzeak ez du inolako justifikaziorik. Zazpi urteko prozesu latza bizi behar izan dute Zestoako seiek; sufrimenduz, nekez eta ziurgabetasunez betetako prozesua. Espetxe zigorrekin mehatxatu zituzten elkartasuna gauzatzeagatik. 

Prozesu gogor horretan, hala ere, bidelagun izan zituzten herritarrak eta bailarako lagunak: epaiketa hasi bezperatan Zestoako plaza elkartasunez bete zutenak, epaiketak iraun zituen bost egunetan Donostiako epaitegira babesa erakustera joan zirenak, sostengu mezuak bidali zituztenak, zaintza lanak egin zituztenak… Elkartasun feminista zigortzeko saiakerari tona bat elkartasunekin erantzun zuen herriak.

Hala ere, bidea ez da hemen bukatu. Prozesu honek, minaz eta sufrimenduaz gain, 30.000 eurotik gorako kostua ekarri die sei zestoarrei. Bidegabea izan zen haien kontrako makroepaiketa, eta bidegabekeria da horri guztiari halako zama ekonomikoa gehitzea.

Orain arte egin dugun bezala, elkartasunez erantzungo diogu zama horri ere; oraingoan, festa handi batekin. Zeren, ez dugu ahaztu behar: elkartasun feministak irabazi du eta hori ospatzera goaz.

Hiru sarrera mota daude salgai:

  • Bazkarirako txartela (aukera beganoarekin): 25 euro, prekarioentzat 15 euro.
  • Kontzertuetarako txartela: 18 euro, prekarioentzat 15 euro.
  • Egun osoko txartela (bazkaria + kontzertuak): 40 euro, prekarioentzat 28.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide