Inauteriak 2025

'Astindu armayuek' festa egingo du Azpeitiko LGTBIQ+ asanbladak Elegante Egunean

Joan zen ekainean 'Oihu bat isiltasunean' lana aurkeztu ondoren, kalejira egin zuten herritarrek.

Datorren martxoaren 2an, Elegante Egunez, espazio seguru, anitz eta alternatibo bat jarriko du Azpeitiko LGTBIQ+ asanbladak Azoka Plazan, Azpeitiko Udalak lagunduta. 16:00etatik 19:00etara, DJ La Fulanaren musika emanaldia izango da, eta herritar orok izango du bertaratzeko aukera. Joan den irailetik ari da batzen Azpeitiko LGTBIQ+ asanblada Emakumeen Txokoan, eta hainbat bilera egin dira ordutik.

Astindu armayuek Elegante Egunerako, ateratzera goaz eta! Arropa eleganteak eta gu geu ere bai. Joan zen ekaina ez zen edonolakoa izan Azpeitiko LGTBIQ+ kolektiboaren parte garenontzat. Oihu bat isiltasunean diagnostikoan agertutakoek barruak astindu zizkiguten beste behin hainbati, eta aspaldi galduta genuen esperantza apurra berpiztu zitzaigun, herriko mugimendu queerra sortzearena. Testigantza ugari eta askotarikoak jaso zituen Eihera kooperatibak diagnostikoan, eta aurkezpenaren egunean bertan nahiz aurrerago, herriko LGTBIQ+ mugimendua indartzeko bildu garen herritarron artean hainbat testu zatiren inguruan eztabaidatu dugu, baita hunkitu, barre egin eta zenbait ondorio atera ere.

Azken hilabeteotan argi izan dugu kolektiboko kideok bizitakoak ez direla sekula salbuespen izan. Jakin badakigu Azpeitia ez dela herri isolatu bat, eta hemen gertatutakoak estrapolagarriak direla inguruko beste zenbait herritara ere. Kolektiboaren parte diren herritarrek bizi izandakoek sentimendu partekatuak eragin dizkigute, eta urte luzez geure sexualitatea eta identitatea askatasunez nahiz armairuan bizi izanak zenbaitengan eragindako irainak, mespretxuak eta deserosotasunak geure egiten ditugu, osorik, sarritan horietako gertaera asko geure azalean jasan ez baditugu ere, ulertzen dugulako askoren samina eta inpotentzia. "Kanpora" alde egin behar izan dute askok, Azpeitia ez dutelako bere herri sentitu sekula, ezin izan dutelako beren sexualitatea eta identitatea nahi bezala adierazi eta garatu; herrian gelditu behar izan dute beste askok, tradizioak eta horrek dakarrenak suposatzen duen guztiarekin; isilik eta ezkutuan diraute beste askok, norbere armairua norberarena delako eta ez dutelako oraindik leku aproposik topatu nahi duten bezalakoak izaten hasteko edo jarraitzeko.

Tradizioa aipatu dugu, Oihu bat isiltasunean diagnostikoan presentzia duen hitza delako. Ez da kasualitatea Elegante Eguneko zenbait momentutan hainbat herritarrek pertenentzia sentsaziorik ez izatea, festatik kanpo sentitzea, eta zenbait unetan, zezenaren irteeran kasu, deseroso sentitzea bertan sortu daitekeen giroagatik edo zenbaitek har ditzaketen jarrerengatik. Ez gaude eroso espazio zis-hetero maskulinoetan, besteak beste, ez dagoelako gure segurtasunerako bermerik eta ez dugulako tradizioaren izenean gauzatu daitezkeen praktika zenbaitekin bat egiten. Hementxe dala! festa giroko oihuak batzuentzat zezena, festa eta desfasa dakartza, baina beste askorentzat alerta oihua ere bilakatu daiteke. Guk argi daukagu lelo horrek ez daukala guztiontzat esanahi bera. Horregatik guztiagatik, Azpeitiko LGTBIQ+ asanbladak, Azpeitiko Udalak lagunduta, Elegante Egunerako aisialdi espazio seguru, anitz eta alternatibo bat sortzea erabaki du herritar ororentzat: Astindu armayuek festa.

Datorren martxoaren 2an, igandea, 16:00etan hasi eta 19:00ak bitartean, DJ La Fulana egongo da musika jartzen Azoka Plazan. Era berean, elkar ezagutzeko eta herriko LGBTIQ+ sarea osatzen jarraitzeko ere aprobetxatu nahi dugu abagune hau, eta gure berri izan nahi duen orok bertan izango du horretarako aukera, baita aurrerago asanbladara batzeko ere.

Era berean, argi utzi nahi dugu herritar guztiak gonbidatuta egonagatik ez dela edozein jarrera onartuko espazio horretan, eta neurriak hartuko direla jarrera matxista, sexista, LGTBIQ+fobo eta arrazista guztien aurrean.

Gora LGTBIQ+ borroka! Gora Elegante Eguna!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide