Arian-arian xehatzen omen da burdina. Ilusioz hasi genion bidea gure ibilbideari, otzan, eta egun, urtebete geroago, behar eta desio dugun herritik apur bat gertuago gaudela sentitzen dugu. Lehen aldiz batu ginenean, jomuga konkreturik zehaztu gabe, ziurgabetasunez, baina ilusioz ekin genion lanari, kontziente izanda deseroso eta lekuz kanpo sentitzen ginen herri honi buelta bat eman behar geniola. Barne-borrokatik eta norbere armairuetatik atera, eta borroka kolektibizatzeko beharra sentitu genuen, geure identitateari uko egin beharrik gabe herrian espazioak geureganatzekoa. Hala, oztopoak oztopo, iraultza txiki bat hasi genuen, Karnabaletan loratzen hasi zena.
Urteurren borobila datorkigu otsailaren 15ean, Astindu Armayuek festaren bigarren atala: Astindu Berriz Armayuek. Oraindik, berriro, beste behin. Azoka Plaza txiki gelditu zitzaigun iaz, eta ez pozaren pozaz asanbladako kideok kabitzen ez ginelako bakarrik, herritarren erantzuna sekulakoa izan zelako baizik. Herriaren aurrean gure asanblada aurkezteak eman zigun bertigoa segituan joan zitzaigun, eta hasi genuen ibilbideak merezi zuela baieztatu ahal izan genuen. Sostengu horrek indarra eta ziurtasuna eman zizkigun asanblada sortzearen damurik ez izateko, eta hemen jarraitzen dugu, funtsean, inoiz alde egin ez dugun arren.
Ilusioz eta lanez beteriko urtea izanagatik, oztopoak eta erasoak ere izan ditugu bidean. Bagenekien herrian hain errotuta dagoen heteroaraua ez genuela berehalakoan arrakalatuko, eta erresistentzia horrekin egin dugu topo, aurrez aurre. Gure jardun politikoa sabotatzen saiatu dira asko, kartelak apurtuz, muraletan eta herriko beste zenbait lekutan pintadak eginez eta abar. Kaleak hartu ditugunean ere barru-barruan sentitu ditugu mespretxuzko begiradak. Herritik kanpo nahi eta behar gaituztenenak.
Eta ez herrian bakarrik. Ezin dugu ahaztu hedabideetan eta sare sozialetan etengabe hedatzen ari den oldarraldi faxistak bete-betean harrapatzen gaituela gu ere. Eta hain zuzen ere, olatu erreakzionario horri erantzuteko, herriko beste hainbat eragilerekin elkarretaratzea egin genuen festetan, eta kuirropoteoarekin eman genion segida. Horrez gain, hainbat izan dira urte honetan gauzatu ditugun ekintzak, Garmendipeko LGTBIQ+ mural inklusiboa berregitea, Zumaiako Enor taldearen aurkezpenean gure esperientziaz mintzatzea, eta Kontuan hartzeko kontatua jardunaldietan parte-hartzea, besteak beste.
Jardunaldi horietan, hain justu, asanbladaren borrokarako behar genuen beste bultzada bat jaso genuen, herritar mordoa ez ezik, eskualdeko nahiz Euskal Herriko bisitari asko ezagutzeko aukera izan baikenuen bertan, eta hortik, gainera, eskualde mailan antolatzeko sua sortu zen, iazko abenduan Azkoitiko Matadeixen egindako Fanta Lupis festan areagotu zena. Hasieratik argi ikusi dugu borroka kolektiboa izango dela edo ez dela izango. Gelditzeko gatozela, ez goazela inora. Eta bide horretan nekezagoa izango zaigula jardun politikoarekin aurrera jarraitzea eskualdeko sarerik gabe. Horretan gabiltza.
Ibilian-ibilian karnabalak heldu zaizkigu berriro, maskarak beste behin eranzteko eguna. Oraindik ere, ezinbestean, behar-beharrezkoa iruditzen zaigu Elegante Egunean espazio askeak aldarrikatzea eta horretarako alternatibak sortzea. Dagoeneko, ordea, ez gara armairuak astintzearekin soilik konformatuko; orain, hautsi egin nahi ditugu. Hanka bat armairuan eta bestea kanpoan duzuenok, sekula bertatik ateratzeko adorerik izan ez duzuenok, inoiz hara itzuliko ez zaretenok, handik atera nahi dutenen makulu zaretenok… Azoka Plazan behar eta nahi zaituztegu.