Gure historiaren pasarte lotsagarriak

Tristeak dira Euskal Herriko iraganaren zati asko eta asko, loriatsuak gutxi batzuk eta, tartean, lotsa-emangarriak ere baditugu. Azken horietaz arituko gara oraingoan.

Nahi baino gehiagotan esan izan digute gipuzkoarrek Nafarroaren konkistan militarki parte hartu zutela. Tristea da, baina egia da hein handi batean. Victor Herreroren bideo honetan garbi ikus daiteke Gipuzkoako eliteek parte hartze zuzena izan zutela Nafarroako konkistan. Are gehiago, Jose Luis Orella historialariaren liburu honetan agertzen da Gipuzkoako eliteek, oro har, oso sintonia ona zutela Gaztelako erregeekin, bai konkistaren aurretik, bai konkistaren urtean, baita ondoren ere. Ez uste Oinaztarrak bakarrik aritu zirela gaztelauen alde, Ganboatarrak ere tartean izaten ziren.

Goian aipatutako bi historialariek iturri primarioak erabili dituzte beren lanetan, gure bideo guztietako historialariek egiten duten bezala. Beraz, informazio oso fidagarria da proposatzen dizueguna.

Dena den, argitu beharra dago Gipuzkoako jauntxoek betetzen zituztela Gaztelako erregeen esanak, herritar xumeak gerrara derrigortuz.

Kepa Alberdi azkoitiarrak ere ederki azaltzen du artikulu honetan garai hartan gertatu zena.

Ikusi bideoa, irakurri liburua eta artikulua, eta zeuek atera kontuak. Hurrengo batean pasarte loriatsuetaz arituko gara.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide