Sorgin ehizari buruzko bideoa ondu du Asisko Urmenetak

Erabiltzailearen aurpegia Urolakoen Napar Zuzterrak 2025eko abenduaren 26a

Urolako Napar Zuzterrak taldeak Asisko Urmenetak sorgin ehizari buruz ondu duen bideoa zabaldu du. 

Deabru hitza latineko diabolus hitzetik omen dator, eta diabolus hitza, berriz, Grezierako diabolos hitzetik, zeinak kalumniatzaile esan nahi duen. Beraz, jatorriz hitz horrek ez zuen gaur egun ematen zaion esanahia. Deabruaz ari garela, guztiok dakigu ez dela existitzen, ezta? Beraz, deabrua ez bada existitzen ezin zaio ipurtzuloan musurik eman. Horrez gain, badakigu gutako inork ezin duela hegan egin geure kabuz soilik. Banpiroak existitzen ez direla ere jakina da, ondorioz, ezin da inor banpirizatu. Guk ez ditugu inoiz hilak jan (tira, historiaurrean agian bai). Akelarre hitza inkisidore batek asmatu zuen, ez dago akelarre hitzaren toponimiarik. Are gehiago, akelarreak ez ziren inoiz izan.

Orduan zergatik errepikatzen ditugu horrelako ergelkeriak? Ez al gara konturatzen hori egiten dugun bakoitzean gure arbasoei eman zieten tratu krudel eta anker hori estaltzen ari garela? Okerrago oraindik, ez al dakigu behinola elite intelektual batek asmatu zuen gezurra elikatzen ari garela? Ez da inolaz ere maitasun istorio bat. Izan ere, sorgin ehiza elite intelektual batek asmatu zuen. Sorginak (edo jende normala) deabruarekin eta sekta satanikoekin lotu zituzten. Tratatu demonologikoak sortu zituzten ezerezetik. Akelarre hitza ere asmatu zuten; lehenengo atseginsororekin probatu zuten eta ez zuen funtzionatu.

Sorgin ehiza ez zen kasualitatez gertatu Europako potentzien etsaien mugaldeetako eskualdeetan; hala nola, euskaldunen herrian, Katalunian, Alsazian, Eskozian, Saboian, Konfederazio Helvetikoan, Herbereetan, Alemanian protestante eta katolikoen artean… Ez! Helburu zehatz batekin asmatu zuten: lehenago hasitako konkista eta inbasioak guztiz amaitzea. Arrazoi politikoengatik hasi zen sorgin ehiza.

Euskal lurraldean metodo ezin hobea izan zen jendea paretik kentzeko foruaren gainetik pasatuz. Manual del inquisidor liburuan agertzen da: helburua ez zen jendearen arima salbatzea, "herria beldurtzea" baizik.  Europako zenbait potentziak makinaria anker bat jarri zuten martxan, mugitzen zen edonor desagerrarazten zuena.

Kontserbatu diren sumarioak berez izan zirenen %3a bakarrik direla uste da. Ez dakigu benetan ankerkeria hark hartu zuen tamaina.

Bada ordua, behingoz, has gaitezen gezur ustel hori deseraikitzen. Ikas dezagun gure historia, garbitu dezagun hil, torturatu eta desagerrarazi zituzten pertsona horien ohorea. Gogora ditzagun guztien izenak. Eta ez dezagun utz berriz horrelakorik gertatzen. Izan gaitezen biziak eta azkarrak.

Bada, deseraikuntza hau hasteko, bide on bat izan daiteke Asisko Urmenetaren bideo hau ikustea. Gomendatzen dizuegu Urmenetaren dokumental berria zuen herrietara eramatea, izan ere, gure ustez, lan horrek heltzen dio egokien sorgin-ehizaren gaiari.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide