Hamabi kuadrillak parte hartu dute gradu aldaketak eskatzeko egitasmoan

Larunbatean, egun osoan zehar, hamabi kuadrillatako kideak Josu Urbieta Pow azpeitiarraren ziegaren erreplikan izan ziren, gradu aldaketak eskatzeko. Egitasmoaren helburua zen euskal presoei sistematikoki gradu aldaketa ukatzen zaiela azaleratzea, eta horrekin batera, eskuorri informatiboak banatu zituzten herritarren artean. Azpeitiko Saretik eskerrak eman nahi dizkiegu ekimena aurrera ateratzeko beren aletxoa jarri zuten lagun guztiei, eta azpeitiar denei dei egiten diegu larunbatean ospatuko den Sare Egunean parte hartzera.

Zer esan nahi dute graduek?

1. gradua: Gradurik gogorrena da, baldintza oso zorrotzak bete behar dituzte presoek, eta kasu askotan, ziegan hogei ordu egon behar izaten dute. Espetxeko jarduera ugaritan (kirol jardueretan, ikastaroetan edo tallerretan…) parte hartzeko zailtasunak izaten dituzte, eta gainera, lehen graduan ez dago inolako baimenik eskatzerik espetxetik ateratzeko.

2. gradua: Gradu honetan, ziegan ordu gutxiago pasatzen dituzte presoek, baldintzak malguagoak dira, espetxeko jarduera gehiagotan parte hartzeko aukera izaten dute presoek eta baimenak lortzeko atea irekitzen zaie: asteburuko baimenak, Gabonetakoak, familiako arrazoiak tarteko espetxetik ateratzeko baimenak…

3. gradua: Gradu honetan, presoak espetxera joan behar du lotara, baina egunean zehar kalera atera daiteke. Euskal preso askok graduz aldatzeko eskaerak egin dituzte; baldintza guztiak betetzen dituzte, baina ia kasu guztietan ezezkoa eman zaie. Euskal preso gehienek beren zigor osoa lehen graduan bete izan dute, nahiz eta gradu hori denbora mugatu baterako izan. Horren helburua euskal presoak espetxetik ateratzeko eguna ahalik eta gehien atzeratzea da, eta Saretik salbuespen neurri horiek berehala bertan behera uztea eskatzen dugu. Konponbidera bideratutako espetxe politika berri baten ordua da.

Maiatzak 18 Sare Eguna #PresorikGabekoEguna

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide