400 herritar inguruk atera dute argazkia urtarrilaren 9ko manifestazioari babesa emateko

Azpeitiko Sarek eskerrak eman nahi dizkie hainbeste argazki ateratzea posible egin duten guztiei eta herritar denei dei egin nahi die larunbateko mobilizazioan parte hartzera. 17:30ean hasiko da manifestazioa, plazan.

Aurtengoan, Bilboko kaleak bete beharrean herriz herri egingo dira euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioak, eta azpeitiarrok larunbat honetan 17:30ean plazan dugu hitzordua. COVID-19a dela eta, manifestazioa ilaretan egingo da, pertsonen arteko distantziak mantentzeko. Azpeitiko Sarek eskerrak eman nahi dizkizuegu hainbeste argazki ateratzea posible egin duzuen guztioi, eta herritar denei dei egin nahi diegu larunbateko mobilizazioan parte hartzera.

Mendekuan oinarritutako espetxe politikan aldaketa batzuk ematen ari dira eta denon bultzadaz aurrepausoak ematen jarraitu behar dugu. Konponbidera begirako espetxe politika berri bat martxan jartzea ezinbestekoa da, presoen kondenak ahalik eta gehien luzatzeko erabili diren oztopo juridikoak alde batera utziz. Legedia arrunta betez Gotzon eta Josu Azpeitiko presoek gure artean izan beharko lukete dagoeneko.

Amaitzeko, urtero Bilbon egiten zen manifestazio erraldoia Sareren diru-iturri ezinbestekoa zela adierazi nahi dugu. Presoen eskubideen aldeko lana aurrera eramaten jarraitzeko aurten diru hori herriz herri eskuratzea nahitaezkoa zaigu eta larunbateko manifestazioan pegatinak banatzen daudenei ekarpen ekonomikoa egitera gonbidatu nahi ditugu azpeitiarrak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide