Ordu laurdenekoa izango da azken ostiraleko elkarretaratzea

Azaroko azken ostiraleko elkarretaratzeko irudia. (Azpeitiko Sare)

Ordu laurdeneko kontzentrazioa izango da ostiral honetakoa, herriko osasun egoera dela eta. Protestara joaten diren herritarrak ilaretan jarriko dira. Ohiko moduan, 19:00etan izango da presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea, plazan.

COVID-19a tarteko, herrian dagoen osasun egoera dela eta, azken ostiraleko elkarretaratzean aldaketak egingo ditu Azpeitiko Sarek. Etzi izango da urtarrileko azken ostirala, eta ohiko moduan, presoen, iheslarien nahiz deportatuen eskubideen aldeko elkarretaratzea egingo dute plazan, 19:00etan hasita. Oraingoan, baina, ordulaurdeneko kontzentrazioa izango da, eta protestara batzen diren herritarrak ilaretan jarriko dira, elkarren arteko distantziak are handiagoak izan daitezen.

Batetik, Gotzon Aranburu oraindik Alacanten dutela espetxean salatu nahi du Sarek, nahiz eta duela aste batzuk iragarri zuten Palentziara gerturatuko zutela. Bestetik, Antton Troitino preso gaixoaren kasu larriaz ere ohartarazi nahi du, kaleratzeko ebazpena duela bi aste eman bazuten ere oraindik espetxean jarraitzen baitu, minbizia duen eta kimio tratamenduak jasotzen ari den arren. 

Amaitzeko, ostiralean plazan materiala saltzeko mahaia egongo da eta bertan presoen egutegiak, Izan Bidea banderolak nahiz kamisetak eta Euskal Preso eta Iheslariak Etxera banderolak salgai egongo dira. 

Pow eta Gotzon etxera ekartzeko izan bidea!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide