Ostiralerako agerraldi jendetsua eta larunbaterako Erlo-Xoxote igoera antolatu ditu Azpeitiko Sarek

Azpeitiko Sarek bi hitzordu prestatu ditu datozen egunetarako: ostiralean agerraldia egingo du Sare Eguna aurkezteko; eta zapatuan Erlo nahiz Xoxotera mendi irteera gauzatuko du.

Ostiralean, 18:30ean izango da aurtengo Sare Eguna aurkezteko agerraldia, Esklabetako elizaren atarian. 2000. urtetik egin diren Elkartasun Egunetako edo Sare Egunetako egitasmoetan parte hartu duten azpeitiar guztiei hara joateko deia egin nahi diegu.

Bestalde, larunbatean, Erlora eta Xoxotera mendi irteera egingo dugu, Euskal Herriko 650 tontor igotzeko erronkarekin bat eginez. 09:00etan oinez abiatuko gara plazatik, eta 11:00etan aterako dugu argazki jendetsua Erlon. 11:30ean berriz, ekitaldia egingo dugu Xoxoten, eta trikitilariak ere izango dira.

Sarek lanean jarraitzen du presorik, iheslaririk nahiz deportaturik gabeko Euskal Herria lortzeko. Urratsak egiten ari gara, eta lorpen batzuk ere iritsi dira: Gotzon Aranburu joan zen astean Euskal Herritik gertuago dagoen espetxe batera ekarri zuten. Bigarren gradua ere eskuratu du, 2002an espetxeratu zutenetik bizi baldintza gogorrak ezartzen dituen lehen graduan 19 urte pasatu eta gero. Hala ere, ez dugu ulertzen Gotzon Palentziara lekualdatzea eta ez Euskal Herriratzea, hura Azpeititik 274 kilometrora urrunduta egotea suposatzen duelako oraindik.

Blokeo egoera apurtzea lortu da, eta horri balioa eman behar zaio, baina ezin dugu ahaztu oraindik urrats asko daudela egiteko. Ostiraleko agerraldian, larunbatean Erlon eta Xoxoten eta maiatzaren 22ko Sare Egunean elkartuko gara, urrats berriak emateko.

Pow eta Gotzon etxera ekartzeko, #IzanBidea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide