Zabalik da urriaren 23ko Donostiako manifestaziora joateko antobusean izena emateko epea

Urriaren 23an salbuespen politika aplikatzeari uzteko eskateko eta euskal presoak etxeratzeko prozesua martxan jarri behar dela aldarrikatzeko manifestazioa izango da Donostian, eta Orkatzen eman daiteke joan-etorria autobusez egiteko izena.

Urriaren 23an salbuespen politika aplikatzeari uzteko eskateko eta euskal presoak etxeratzeko prozesua martxan jarri behar dela aldarrikatzeko manifestazioa izango da Donostian. Ibilian ibilian, etxerako bidean lelopean egingo da protesta 17:00etan Antiguako tuneletik hasita, eta Pio XII.a plazan bukatuko da ekitaldi berezi batekin.

Donostiara joan-etorria egiteko autobusa antolatu du Azpeitiko Sarek. Zehazki, 16:00etan aterako da Azpeititik –Etxe Zuri aurretik– Donostiara, eta manifestazioa bukatzean itzuliko da. Autobuserako izen-ematea zabalik da dagoeneko, eta Orkatz kultur elkartean dago horretarako aukera.

Azpeitiko Sarek euskal presoek bizi duten egoerari buruzko balorazioa egin du. Honako hau da:

2020ko udaren hasieran, euskal presoak mugitzeko-hurbiltzeko mugimendu txiki batzuk izan ziren. Harrez geroztik, Euskal Herritik urrunen dauden espetxeak euskal presorik ez dutela ekingo diogu udazken honi. Zalantzarik gabe, egoera honek presoen senideen zama apur bat arintzea ekarri du, astero-astero bisitara hutsik ez egiteko hamarkada luzeetan egin behar izan dituzten bidaia luzeak laburtu direlako. Baina, halaber, alerta-egoera eragin behar digu guztioi, ez baitugu lagundu nahi egoera hau normalizatutzat jotzen.

Ez baitago normalizatuta. Oraindik ere luzea da egin beharreko bidea, eta oztopo ugari eta garrantzitsuak aurkituko ditugu, baina gu guztion esfortzuari esker gainditu ahal izango ditugu.

  • Preso horietatik 64 daude Euskal Herrian, hau da %32.
  • Aurten, ia guztiak pasatu dira lehen gradutik bigarrenera, baina soilik 10 pasatu dira bigarrenetik hirugarren espetxe-gradura, hau da, %5.
  • Eta egoera hau mantentzen bada, euskal preso ia guztiek ez dute aukerarik izango espetxeko araudiaz baliatzeko, eta 40 urtera arteko espetxe zigorrak osorik betetzera kondenatuta daude.
  • Egoera hori ohartarazpena izan behar da erakundeetatik eta sektore politikoetatik preso horiei oraingo espetxe-araudiak eskaintzen dituen tresnak erabili behar zituztela esan zieten horientzat.

Horregatik, orain, guk geuk eskatzen diegu erakunde horiei lan egin dezatela orain arte salbuespen-arauak baino jasan ez dituzten pertsona hauei benetan araudi arrunta aplika diezaieten.

Zer ekarri behar du aldaketa horrek?

  • Salbuespen-araubidea desagertzea: 2. gradutik 3. gradurako progresioa kondenaren ½ beteta dagoenean ezarri behar da, Espainiako estatuko espetxeetan dauden gainerako presoei aplikatzen zaien bezala. Gogoratu behar da gainerako preso horien %1ek baino ez duela amaitzen kondena bigarren graduan. Euskal presoen kasuan, berriz, ehuneko hori %87koa da. Fiskaltzaren edo epaileen blokeoa desagertu behar da. Izan ere, sistematikoki errekurtsoak aurkezten dituzte tratamendu-batzarrek, sarritan aho batez, gradu-progresioak edo baimenak emateko hartzen dituzten erabakien kontra.

Oztopoak jartzeko jarrera hori ez dator bat justizia ezartzeko irizpidearekin, justiziaren politizazioarekin baizik, eta, horren aurrean, berriro aldarrikatu behar dugu espetxe-zaintzako epaitegi zentralak Auzitegi Nazionalaren menpe egoteari utzi behar diotela eta hurbilekoek hartu behar dutela ardura hori, lehenago bezala.

Baimenak. Egoera bera gertatzen da tratamendu-batzarrek espetxe-baimenak emateko hartutako erabakien kontra jarritako errekurtsoekin. Ez dugu ahaztu behar baimen horiek izateko eskubidea dutela presoek kondenaren laurdena beteta dutenean.

Hemendik aurrera, indarrak bikoiztuko ditugu etxerako bidean!

Horregatik, urriaren 23an kaleak hartuko ditugu berriro. Oso argi daukagu bulegoetako aldarrikapenak kalean presentzia aktiboa izatearekin uztartu behar ditugula. Ez delako ezer amaitu Andaluziako, Levanteko edo Galiziako espetxeetatik hurbilago dauden espetxeetara aldatzearekin. Urruntze- eta sakabanatze-politika ez delako amaitu; benetan desagertuko da preso guztiak EHn daudenean. Gure itxaropena da urrian aldaketak errealitate bihurtzen hastea.

Eusko Jaurlaritzak espetxeen arloko eskumena bereganatzeak egoera aldatzea ekarri behar du. Euskal Administrazioak iragarri zuenez, espetxe-politika arrunta aplikatuko du. Berehala aplikatu behar da politika berri hori, baina ez soilik jada EHn dauden presoei. Ez. Oraindik Espainiako estatuko espetxeetan sakabanatuta dauden guztiei aplikatu behar zaie ere. Inor ez da utzi behar iragarri zaigun espetxe-araudi berri honetatik kanpo. Premisa hori betetzen ez bada, eutsi egingo zaio eskubideen urraketari eta salbuespen-araubideari.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide