Juan Mari Ibarzabal (Azpeitiko Argazki Elkarteko kidea): "2013an hasi ginen argazki liburuaren proiektu honekin, eta 2017an ginen ateratzekoak, baina sokamuturraren bosgarren mendeurrenaren barruan sartu dugu, hala eskatu zigutelako. Zailtasunak genituen 1980tik aurrera antolatutako lehiaketako argazkiak lortzeko Kutxaren Fototekan, baina sarituen zerrenda bagenuen. 50 argazkilari izan dira 38 urtean sarituak, eta haiekin egonda 6.000 argazki baino gehiago inguratu genituen, negatiboetan. Sekulako lana izan da: katalogatu, eskaneatu... 230 argazki saritu sartu ditugu liburuan, eta beste 100 bat ere bai. 340 argazkirekin osatu dugu liburua. Eskerrik asko udalari, diruz laguntzeagatik; eskerrik asko Imanol Eliasen argazki ondarea hain erraz eman digulako haren alargun Ixiar Oiartzabali; eskerrak elkarteko kideei; eta baita sokamutilei ere".
Eneko Etxeberria (Azpeitiko alkatea): "Eskerrik asko Argazki Ellkarteari liburuarekin gure memoria dokumentatzeagatik. Gure historia da hau ere, eta gure iraganari errespetua zor diogu. Ez gara soilik liburu bategatik hizketan ari. Gauzak etorri eta joan egiten dira, baina sokamuturreko ekimen honek 500 urtean iraun du. Benetakoa, egiazkoa delako iraun du. 500 urte ez dira liburu baten kabitzen, baina merezi du liburu bat".
Fernando Arakistain (Azpeitiko sokamuturrak 500 urte ospakizuneko Herri Batzordeko kidea): "Argazki Elkartea iaz zen liburua ateratzekoa, eta, artean batzordea ez zegoen arren, guk eskatuta atzeratu zuten argitalpena, sokamuturraren bosgarren mendeurraren ospakizunaren barruan sartzeko [Argazki Elkarteak kudeatu du, ez Herri Batzordeak]. Eskerrik asko. Sokamuturraz mendeetako transmisioa bat egon da gure herrian, usadioari eutsi izan zaio, eta, azkeneko mendean, transmisio horretan irudi arloa ere ezinbestekoa izan da. Batik bat, 1980an sokamuturreko lehiaketa dagoenetik gozatua hartu dugu argazkilarien irudiei esker. Baita bideo kamerarekin ibili izan direnen lanari esker ere. Denok egiten dugu sokamuturra. Estimatzen dugu argazki liburua atera izana. Zorionak. Bestetik, datorren urtarrilaren 27an 500. urteurreneko ospakizuneko ekitaldi nagusia izango da, Soreasun (18:30). Han sokamuturreko pelikula bat emango dugu. 21:00etan, berriz, herri afaria, Loiola hotelean".
Hitzartzeak hasi aurretik Argazki Ellkarteak sokamuturreko irudiekin proiekzio bat eskaini du Sanagustinen. Hizlarien artean izan dira Ixiar Oiartzabal –Imanol Elias zena oroitu du– eta Mikel Ibarzabal Udal Festa batzordeburua –Azpeitian festak duen garrantziaz aritu da, eta gogoratu du hementxe direla sansebastianak–.