Jazarpen polizialik ez!

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko GKS 2021ko mai. 23a, 17:46

Ohar honen bitartez, atzo gaueko gertakariak salatu eta atxilotuei zein biolentzia poliziala jasan zutenei gure babesa adierazi nahi diegu GKSko nahiz Kontseilu Sozialistako kideok. Horrez gain, gertakarien inguruan egiten dugun irakurketa zabaldu nahi dugu.

Ohar honen bitartez, atzo gaueko gertakariak salatu eta atxilotuei zein biolentzia poliziala jasan zutenei gure babesa adierazi nahi diegu. Horrez gain, gertakarien inguruan egiten dugun irakurketa zabaldu nahi dugu.

Batetik, atzo Ertzaintzak erabili zuen biolentzia eta dispositibo poliziala aurrez kalkulatutakoa izan zela nabarmendu nahiko genuke. Izan ere, besteak beste, asteazkenean gazte kuadrilla batzuei larunbatean istiluak egongo zirelako mehatxua bota zieten poliziak, atzo bertan arratsaldetik poliziaren presentzia oso nabarmena izan zen herrian (adibidez, arratsaldetik Azpeitiko industriagunean Ertzainatzaren hainbat antidisturbio zeuden) eta, oro har, aurreko asteetatik errepikatzen joan den gertakaria izan da poliziaren presentziarena. Atzo Ertzaintzak sekulako hedatzea egin zuen eta muturreko biolentzia erabili zuen, bertan zeudenei kolpeak emanez eta foam jaurtigailuak botaz behin eta berriz. Gauean zehar poliziak herriko leku askotan jarraitu zuen jendearen atzetik, jendea identifikatuz, mehatxatuz eta jipoituz. Gure salaketa, poliziari beste, horiei aginduak ematen dizkieten politikariei zuzentzen da, bai eta osasun hondamendia eta estatu totalitarioa baimendu duten alderdi politiko guztiei ere. Izan ere, agintariek eta politikari profesionalek osasun-larrialdiari aterabide poliziala ematea erabaki dute, eta horiek dira bizi dugun askatasunen ezabapenaren eta jazarpen polizialaren arduradun nagusiak. Zentzu horretan, pandemiaren aitzakia pean eta burgesiaren politikarien aginduz, poliziak herritarrak jazartzeko hartu duen ohitura salatzen dugu. Izan ere, langileria pobrezian oinarritutako krisi testuinguru berrira egokitzen joateko bitartekoa da biolentzia polizialaren normalizazioa.

Horrez gain, Azpeitiko Udalak udaltzaingoaren bidez atzoko gertakarietan Ertzaintzarekin kolaboratu izana salatzen dugu. Izan ere, Ertzaintzak eskuragarri izan zituen udaltzaingoaren zerbitzuak, zeinak prestatutako operazioaren jakitun ziren. Hori gutxi balitz, udaletxea kudeatzen duen alderdiak (EH Bildu) ere baimendu ditu salbuespen estatua eta alarma egoera, horrela polizia-estatua baimenduz. Guretzat, udalaren baliabideak sektore kolpatuenen mesedetan jartzeko eta arazoei zapalduon ikuspegitik atearbideak emateko erabili beharko lirateke.

Azkenik, aipagarria da horrelako gertakariak Euskal Herriko hainbat tokitan  ari direla errepikatzen eta testuinguru orokor bati erantzuten diotela iruditzen zaigu. Izan ere, COVID-19ren pandemiaren harira, politikariek polizia balabideak handitu dituzte eta sektore sozial desberdinen aurkako eraso eta kriminalizazio saiakerak handitu dituzte. Kapitalismoaren joera totalitarioa bizi dugu eta burgesiaren erasoaldiak hamaika aurpegi hartzen ditu. Beharrezkoa da horrelako erasoak salatzea.

Jazarpen polizialik ez! Burgesiaren erasoaldia gelditu!

Erlazionatuak

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide