Larunbateko gertakarien harira sindikatu polizialak, komunikabideak eta alderdi instituzionalak (bereziki EAJtik) aurrera eramaten ari diren muntaia polizial-mediatikoa salatu eta balorazio politikoa egin behar dugu. Izan ere, interes korporatiboak hauspotzeko herriko gazteria kriminalizatu eta haren aurkako erasoak gauzatzeko zorua prestatzen ari dira aktore horiek. Biolentziaren monopolioa duten horiek izan ziren, aurrez prestatuta zuten dispositibo erraldoia erabiliz, egun osoko presentzia itogarriaren ondoren festa giroa zapuztu eta gazteriaren kontra jo zutenak. Nola azaldu daiteke bestela horrenbeste furgoneta eta hainbeste polizia agertzea horren denbora laburrean?
Ikusteko linterna erabili behar izan zuten arkatzez egindako lau hizkiko "margoketa" bat izan zen segurtasunaren aitzakiapean burututako jazarpenerako abiapuntua. Zapalkuntzan oinarritzen den sistema honen adar armatuaren aurkako idazkia egitea zigortu beharreko ekintza da zapalkuntza horretatik onurak ateratzen dituzten jauntxo jeltzaleentzat. Adierazpen askatasuna, berriz, beraientzat gordetako eskubide esklusiboa; beraien propagandarako bozgorailu ahaltsuen bitartez, gezurrik miserableena egia absolutu bilakatzeko ahala dutenena. Ez da onargarria etxegabetzeak egin, grebalariak erreprimitu eta gaztetxeak desalojatzen dituzten instituzioen aurkako kontrakotasuna adieraztea. Ahalguztidun horien nahi eta neurrira eginiko herrian, traba bat dira diskurtso hegemonikoa zalantzan jartzen duten ume mukizuak. Horrela, higiezin publikoari erakargarritasuna kentzea leporatuta isundu zuten pintaketa ia ikusezin hori egin zuen herritarra.
Azpeitiko Udaltzaingoak, injustizia horren aurrean zentzuzko aterabide bat ematen saiatu beharrean, Ertzaintzarekin kolaboratu zuen. Horregatik joan ziren gazte bakan batzuk Udaltzaingoaren bulegora, isuna kentzeko eskatzera eta beraien jarreraren aurkako desadostasuna azaltzera. Ustez herri polizia komunitarioa behar duenak, Voxek hauteskunde mahaia jarri zuenean bezala, oraingoan ere nahiago izan zuen gazteak jipoitzea, Ertzaintzarekin batera. Komisariaren aurkakoa erasoaren bertsioa guztiz faltsua da; izan ere, atea udaltzainek beraiek zabaldu zieten aipatutako gazteei, eta ez zen inongo momentuan indarkeriarik egon. Indarkeria bakarra Ertzaintzak erabili zuena izan zen, udaltzainek deitu orduko bertaratu eta gazteak jipotzen hasi zirenean. Muntatu zuten operazioak jende andana gerturatzea ekarri zuen eta tentsioak nabarmen egin zuen gora, besteak beste, ausaz gazte bat atxikitu zutenean.
Polizia gehiagorekin segurtasuna areagotzen dela dioenaren fartsa nabarmen gelditzu da beste behin. Poliziaren probokazioa eta esku hartzea izan dira zirku hau eragin dutenak. Gogorarazi behar dugu dispositiboa prest zutela eta iritsi orduko oldartu zirela bertaratutakoen aurka. Zein interes daude horren atzean? Polizia gehien dagoen momentuan liskarra eragitea ez da kasualitatea, eta beren tesi nagusia gezurtatzen da, era berean; polizia gehiagok segurtasun gehiago ekartzen duena dioena, alegia. Langileon bizi eta lan baldintzak kaskartzen doazen bitartean, gure miseria betikotzeko funtzioa duten errepresio indarren armatzea justifikatzeko kanpaina koldarraren lekukoak gara.
EAJk ateratako oharrean zabaldutako astakerien artean, bada jakinaren gainean zabaldu nahi duten beste ideia faltsu bat: Hernaniko gertakariarekin eta beste zenbaitekin izan daitekeen balizko lotura bat. Hernanin sortutako liskarrek osagai arrazista bat izan zuten oinarrian, eta nekez emango dio lekziorik migranteak esplotaziorako haragi soil ikusten dituen alderdi horrek Azpeitiko gazteria konprometituari. Inon loturarik izatekotan, bi herrietako gertakarietan Ertzaintzak inongo istilurik ez zegoen eremu batean (txosnagunean) kargatu zuen, izua eraginez eta eraso arrazistekin zerikusirik ez zuten gazteak jipoituz.
Loturak egiten hasita, badira askoz interesgarriagoak direnak, egiazko harreman zuzenak dituztenak, poliziaren bertsioa eta EAJren errelatoak gezurretan oinarrituta daudela egiaztatzen dutenak eta ondorio larriak izan dituztenak. Hor ditugu Cabacasen kasu ezaguna; edota oraingotxea, Etxarriko gaztetxearen desalojoan, istilurik ez zegoen tokian, barrabiletara tiro egin eta horietako bat galdu duen gaztearen kasua, EAJren eta poliziaren bertsioen faltsutasuna frogatu ostean, Barne sailburua bera atera behar izan delako halabeharrez zuzentzera. Baina egindako kalteak ez dauka atzera bueltarik, eta bideoz jasota gelditu ez balitz, berea egin arte ez zuten etsiko gure segurtasunaren ustezko zaintzaile horiek. Horrez gain, polizia indarren defentsa egiten dute, herriaren zerbitzura dauden langileak direla diotenean. Hipokresiaren adibide ederra da azken astean, enpresaburu bat defendatuz, haren langileekiko erakutsi duten mespretxua. Elkarbizitzarako deia eginez amaitu du EAJk oharra, herriko gazteak kriminalizatuz eta paretaren kontra jarriz gutun nazkagarri hori atera ostean. Aurpegi galanta behar da gero.