Atzo burututako egitarauarekin, Urola Erdiko GKStik zenbait aldarri zabaldu genituen. Alde batetik, Palestina askatzeko berme bakarra Israelgo estatu terrorista eta koloniala desegitea dela azpimarratu genuen, azken honek bere sorreratik Palestinako herria desagerrarazteko hautua egin baitu. Bide beretik, bi estatuen irtenbidea faltsua dela seinalatu genuen, argi baitago Israelekin ez dagoela elkarbizitza posiblerik, azken hamarkadek erakutsi duten moduan.
Halaber, politikari eta enpresarien konplizitatearen aurka borrokatzeak duen garrantziaz aritu ginen, harreman guztien etetea exigituz, mendebaldeko alderdi eta enpresen sostengurik gabe Israelek ez baitu bizirauterik. Eta, azkenik, palestinar erresistentziari gure babes osoa adierazi genion, ulertuta gaur gaurkoz palestinar herria desagertu ez bada palestinarrek estatu sionistaren aurka egindako borrokagatik dela.
Bide horretatik, uste dugu garrantzitsua dela datozen asteetan ere aldarri hauen baitan borrokan jarraitzea, Israelen eta bere konplizeen aurkako presioa areagotuz, eta dei egiten diogu herritar orori Palestinaren alde antolatuko ditugun gazte komiteetan parte hartzera.