Bake akordioa sinatu eta "su etena" indarrean sartu zenetik, Israelek 90 palestinar baino gehiago erail ditu, laguntza humanitarioaren %13 bakarrik sartu da Gazan –besteak beste, Rafahko pasabidea estatu sionistak blokeatuta duelako– eta sionistak Zisjordanian zenbait ofentsiba aurrera eramaten ari dira eta bertako lurrak anexionatu egin dituzte.
Gertakari horiek erakusten dute, inoiz baino era gordinagoan, bake akordioa iruzur bat dela. Izan ere, alde batetik, akordio horrek hasieratik Palestinako erresistentzia guztiz menderatu eta Gaza kapitalistentzako gune emankor bilakatzea du helburu. Hala ere, hori gutxi balitz, ez da betetzen ari. Kontrara, Israel edozein aitzakia erabiltzen ari da palestinarren aurkako sarraskiarekin jarraitzeko.
Horrek guztiak adierazten du zein den Israelen berezko izaera eta nola ez den posible bi estatuen arteko elkarbizitza. Testuinguru horretan, Europako Batasunak Israelen aurkako zigorrak atzeratu ditu, genozidioan duen konplizitatea agerian utziz. Guk, aldiz, uste dugu garrantzitsua dela kontrako norabidean sakontzea: alderdiek, enpresek eta bankuek Israelekin harreman oro eten ditzaten eskatzen jarraitzea, Israelen desegitea aldarrikatzea eta Palestinako erresistentzia babestea.
Azaroaren 1ean egingo den mendi erronkaren bidez ere bide horretan ekarpena egin nahi dugu, uste dugulako momentuak zapalduaren alde era argian eta ekidistantziarik gabe posizionatzea eskatzen duela.