Burgesiaren hezkuntza kudeaketari, ikasle langileok planto

Ikasle langileon osasunaren eta askatasunaren aurkako ofentsiba gelditu! lelopean, dozenaka ikaslek elkarretaratzea egin dute gaur goizean herriko plazan.

Bizi dugun sasoi historiko honetan gizartearen metabolismoa oso aldakorra izaten ari da, kapitalismoaren ziklo produktiboen irabazi dinamika aldatzen ari baita. Ildo berean, gizartearen egituraketa soziopolitikoa ere aldaketa sakonak eta nabarmenak bizitzen ari da. COVID-19aren bigarren berragertzearen testuingurua probestuz hainbat neurri politiko aplikatu dira Euskal Herrian. Eta berriro ere, argi diogu: hartutako neurri batzuk ez dute pandemiarekin amaitzea bilatzen. Ezin dugu taldean kirolik egin, baina hirurogei pertsonako klaseetara joatera behartzen gaituzte, besteak beste.

Hori dela eta, bi fenomeno nagusi salatu eta kritikatu nahi genituzke: batetik, neurri horiek irekitzen duten testuinguru berria, zeina gizartearen gehiengoaren pobretzean oinarritzen den, esaterako, langabeziaren hedatzean. Bestetik, hezkuntza sisteman areagotzen eta egonkortzen ari den autoritarismoa.

Lehenengoari dagokionez, krisi kapitalista sakondu duen pandemia honek eszenatoki berri bat ireki duela uste dugu eta aipatutako eszenatokia probezian eta errepresioan ari da oinarritzen, orain artekoan garbi ikusi dugunez. Hori horrela, proletariotza hazten ari da, probeziara kondenatuta dago eta, gainera, krisi kapitalistaren ondorioak ordaintzera zigortu du burgesiak. Hori gutxi balitz, proletargo antolatuak ez du inongo eskubide zibil, politiko eta juridikorik. Alegia, militante sozialistok ez dugu politika egiteko berme legalik, eta beraz, bai zentzu ekonomikoan bai zentzu politikoan kondenatuta gaude.

Bigarrenari dagokionez, ikasle langileon egunerokoan garbi ikusten da aipatutako autoritarismoa. Ikasle langileon bizitzaren gaineko kontrol osoa du gizarte burgesak; eskolara joatera beharturik gaude, ikastetxe garaikidea diziplinamendu sozialari erantzuten dion prozesu hutsera mugatu delarik; klase partikularrak jasotzera behartuta gaude, behar den lekuan ez digute-eta nahikoa erakusten, zazpi ordu ikasketa zentroan pasa ondoren etxean ikasten jarritzera derrigortzen gaituzte eta abar luze bat. Autonomiarik ez duen subjektua da horrela ikasleria. Egoera hau ahalbidetzen duen fenomenoa da autoritarismoa; figura diziplinarioen (izan irakasleak edo indar polizialak...) eta kontrol sozialaren bitartez ikasleria erabat otzana da sortzen ari dena. Finean, ikasleriaren egunerokoa norabidetzen eta determinatzen da, erabakimen gaitasunik gabe utziz ikaslea.

Era berean, autoritarismoaren ondorio gisa uler daiteke gazteria langilea pairatzen ari den kriminalizazioa ere. Hain zuzen, botere aparatu autoritarioetatik, komunikabideak adibidez, COVID-19aren errudun zuzentzat jotzen da gazteria, eta gure ekinbide oro kriminalizatzen da: aisialdia, esparru politikoa... axolagabekeria leporatzen zaigu, baina zeren ondorioz iritsi gara egoera honetara? Egun oligarkia finantzieroak du botere kuota gehien eta berak erabaki du, adibidez, ospitaleen kolapsoa ez ekiditea; ez gazte batzuen jarrera isolatuak. Norbait errudun bada, hori ez da gazteria langilea; aitzitik, errudun nagusia oligarkia finatzioeroa da, pandemiaren gestioan erabaki determinanteak hartzen dituen hura, langileon osasuna eta askatasuna albo batera utzi duen bera. Zentzu honetan, zer logika du kutsatzeen epizentroa diren espazio nagusietako batzuk (heziguneak eta lantegiak adibidez) ez ixteak eta ezin izateak sei lagunetik gora elkartu? Gure ustez, argi dago: heziguneak eta lantegiak dialektika beraren

bi isla direlako, gizarte burgesean ezin direnak bananduta ulertu, sustengaezina da-eta sistema kapitalistarentzat hezkuntza geratzea ez badira lantegiak ixten. Eta noski, etekin ekonomikoa helburu bakar duen sisteman honetan, objektiboki, hori ez da posible.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkizuegu mobilizazioetan parte hartzeagatik, hain zuzen ere, antolakuntza komunista izango da egoera honetan gure askatasun erreala eskuratzeko berme bakarra, hau gizateriaren eskubide absolutuen eroale eta askatzaile gisa ulertzen baitugu, eta baita askatasuna erreala arlo ekonomiko eta sozialera hedatuko duen proiektu historiko modura ere.

Gora Ikasle Langileon borroka!

Gora Ikasle Abertzaleak!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide