Ikasle antolakundea duela 37 urte sortu zen toki berean, 500 militante eta 200 militante ohi elkartu dira Ikasle Abertzaleen VIII. Kongresuari amaiera emateko. VIII. Kongresu horretan, VII. Kongresuan Errainu ponentziaren eskutik hartutako estrategia komunistaren bidea berretsi dute. Zentzu horretan, Euskal Herriko Mugimendu Sozialistaren baitan aritzea eta antolakundearen izena eguneratzea erabaki dute antolakundea osatzen duten ehunka militantek, erabateko adostasunez.
Hemendik aurrera, Euskal Herriko Ikasle Antolakunde Sozialista (IAS) gisa jarraituko dute lanean. Izen berri horrekin, batetik, izaera sozialista iraultzailea nabarmendu nahi izan dute; eta bestetik, azpimarratu dute jardun eremua Euskal Herria dela, zeinetan nazio zapalkuntzari aurre egitea eta hura deuseztatzea lehentasunezkoa den oraindik ere.
Aurrerapausoa da VIII. Kongresua; izan ere, aurreko belaunaldien lekukoa hartu eta beraien ibilbideak utzitako irakaspenetatik proposamen estrategikoa eta organizatiboa gaurkotu eta garatu dute.
Ikasle langileen interesak babestuko dituen ikasle antolakundea izan nahi du IASek, eta zentzu horretan, hezkuntza sistema sozialistaren aldeko hautua egiten dute helburu estrategiko bezala. Euskal Herriko langileriaren borroka historikoa berretsi eta beren egiten dute, eta autodeterminazioa eta Euskal Estatu Sozialista aldarrikatzen dituzte. Horrez gain, faxismoaren aurkako eragile aktiboa izan nahi dute; faxismoari hezkuntzan eta ikasleen artean hedatzen utziko ez dion eragile aktibo bat.
Eztabaidaz eta formakuntzaz betetako hilabete luzeen ondoren, prest daude prozesu sozialistan beste urrats bat emateko, VII. Kongresuan ehunka militantek egin bezala, orain eginkizuna baita aurrera egitea. Indarrez eta ilusioz beteta ekingo diote etapa berriari; beti bezain iraultzaile, beti bezain borrokalari.
"Otzan nahi gintuzkete. Otzan eta esaneko. Baina borrokarako hautua egin genuenok altxatzeko, batzeko eta antolatzeko leku bat aurkitu genuen [...] Urrunetik datorren antolakundea da gurea eta urrunera joateko xedea duena."
— Euskal Herriko Ikasle Antolakunde Sozialista (@IASozialista) November 29, 2025
Batu Euskal Herriko Ikasle Antolakunde Sozialistara! pic.twitter.com/Ytt6QFLEJ0