Gutuna

Baigeraren egoera larriaren aurrean

Erabiltzailearen aurpegia Baigerako batzordea 2026ko martxoaren 18a

Hainbat lagun Baigeraren iazko batzarrean.

Baigera jubilatuen eta pentsiodunen elkartearen batzordeak honako idatzi hau kaleratu du egungo egoeraren eta kezken berri emateko. Batzar orokorra egin berritan, batzordea berritzeko boluntariorik ez dela azaldu esan du taldeak. Horregatik, egoera ulergaitza dela eta, ezohiko batzarrera deitu du batzordeak maiatzaren 13rako.

Baigeraren Batzordeak Azpeitiko herriari adierazi nahi dio zein den momentuko egoera eta etorkizunari begira zer kezka dituen. Martxoaren 11n Basazabalen egin genuen urteko batzar orokorrean egoeraren berri eman genuen. Batzordekideen egoera azaldu genuen han. Baigera elkartearen estatutuek diote batzordekide bakoitza bi edo lau urteko denboran ariko direla horretan lanean, baina kide batzuek ondo gaindituta daukate epe hori.

Urteak daramatzagu batzar orokorretan batzordea berritzeko jende berria behar-beharrezkoa dela esaten, baina bazkideen aldetik jaso dugun erantzuna ez da izan guk nahiko genukena. 1.935 bazkidek osatzen dute Baigera elkartea (horietatik 623 bazkide 60-70 urte bitartekoak dira), eta batzordea zazpi lagunek osatzen dute. Bazkide kopuru horrekin ulertezina egiten zaigu Baigeraren proiektuak aurrera jarrai dezan laguntzeko prest dagoen jende berririk ez egotea.

Batzar Orokorrean esan genuen bezala, batzordea berritzeko derrigorrezkoa da lehendakaria eta idazkaria izendatzea, bestela legeak agintzen duena ez baitago betetzerik eta Elkarteen Erregistroan ezin baitaiteke izenik eman. Batzar Orokorrean, baina, ez zen inor aurkeztu batzordekide izateko.

Horren aurrean, honako erabaki hau hartu dugu: maiatzaren 13an ezohiko batzarra egingo dugu Basazabal jauregian. Jendeak ordurako batzordea berritzeko bere burua aurkeztea espero dugu. Dena den, egun horretarako bazkiderik azalduko ez balitz, Baigerak ezin izango luke aurrera egin orain arte bezala eta hartu beharreko erabakia ez litzateke inoren gustukoa izango. Zuzenean batzordeak antolatzen dituen ekintzak bertan behera geratuko lirateke: Jubilatuen Astea (90 urtekoei omenaldia), Jubilatuen eta Pentsiodunen Nazioarteko Eguna, dantzak, bidaiak, esku lanak, yoga saioak eta abar.

Egoera larriaren aurrean, denoi eskatzen dizuegu hausnartzeko, galdu dezakeguna handia baita. Hainbat urtez, hamarkadaz hamarkada, gure jubilatuen eta pentsiodunen alde lanean jardun ondoren, penagarria deritzogu Baigeraren alde lan egiteko prest den talde berririk ez dagoelako dena pikutara bidali behar izatea.

Egoeraren larritasuna ikusita, azken ahalegin bat eskatu nahi dizuegu bazkide denoi. Guk hala espero dugu. Gure aldetik ez litzateke eragozpenik egongo talde berriari trebatu bitartean laguntzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide